Aritz Galarraga.
EKOGRAFIAK

Propina gisa

2016ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Aurreko zutabean aipatu nuenagatik: gero eta zailagoa egiten zaidalako, telebista piztu, eta ETB jartzea —«TB kritikariari gero eta zailagoa egiten zaio ETB jartzea», idatzi zuten Sustatuko adiskideek, ze ohorea—. ETB, baina oro har telebista bera piztea. Frantzia aldeko telebista ere ez zaidalako jada kontsolagarri —gainera, egun batzuk pasatu ditugu han, eta, jainko potzoloa, a ze zabor piloa: TF1, M6, D8, W9, NRJ12, Chérie25, etcetera—. Etsita nagoelako —igarriko zenioten azkenaldian—. Telebistak ez didalako ematen garai batean ematen zidana —eta ez galdetu zer ematen zidan, badaezpada—. Urteak aurrera doazelako: Mujeres y hombres y viceversa, A solas con Julián, Gu ta gutarrak; ez daukat adinik honezkero. Esan beharrekoak esan ditudalako —nahiz gero inork gutxik kasu egin—. Ez nuelako, 666, deabruzko Ekografia zifrara iritsi nahi —zer gerta ere—. Euskarazko telesailik ez dagoelako —erosi eta azpidatzi, besterik ez bada—. Oso ondo pasa dudalako —eta hobeto pasatzea, ja, bizioa da—. A, ostia, tesia egin behar dudalako, egia —aitzakia hori erabili nuen BERRIAko arduradunen aurrean—. Eta gero 2014an zutabea uzteko azaldu nituen motiboak. Luze gabe: telebista ordu betez ikusteak bizi itxaropena hogeita bi minutuz laburtzen duelako; edo beste modu batera: telebista egunean sei orduz ikusteak bizi itxaropena bost urtez laburtzen duelako. Baina, batez ere, etxean izandako solasaldi honegatik: «Aita, zer ari zara telebistan ikusten». «Hor zehar gertatzen dena». «Eta zergatik ez zara zuzenean kalera ateratzen?».

Badakit ez daukadala, behin Ekografiak utzi eta berriz bueltatuta, sinesgarritasun askorik. Baina aurreko horiengatik, gehi gehiagorengatik, hauxe da despedidea, agur definitiboa —non eta ez zaizkidan etortzen etorkizunean billete sorta batekin—. 651 zutabe izan dira guztira, hondar ehunak Palaciosen konpainia noblean —ze graziosoa jendeak gaizki eramaten ote ginen galdetu izan duenean—. Zikloa bukatuta, ez zitzaidan berez tokatzen: propina gisa hartu dut azken ikasturtea. Opari. Balio izan dit, ordea, susmoa berresteko: telebista bakarrik ikustea baino zerbait aspergarriagoa dagoela; telebista bakarrik ikusi eta gainera gero inorekin komentatzeko aukerarik ez izatea. Banekien, baina ondo dago baieztatzea: ze goxo egon naizen sofa honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.