Aritz Galarraga.
EKOGRAFIAK

Ezer pasako ez balitz bezala

2016ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Hemen inoiz aipatu izan dugu Bertin Osborne, ikasturte honetan, artean TVEn zegoela: Franco diktadorearen bilobisima elkarrizketatu zuenean, adibidez, eta gogoan dut emanaldi haren irakaspena: erakutsi zigun diktadore hiltzaile bat nola bihur daitekeen oinezko guztiok eduki nahi genukeen aitonatxo abegikorra. Oraindik errekuperatu gabe nago, ordea, azkena egin duen auto-maitasun ariketatik: Bertin Osborne bera imitatzen duen tipo bat gonbidatu du —Vaya Semanita-koa ez, beste bat—, eta hari egin dio elkarrizketa. Bertin Osborne elkarrizketatu duela, alegia, Bertin Osborne berak. Zer dakit, imajinatzen duzue Julian Iantzik Julian Iantzi elkarrizketatuko balu —bai, badakit asko imajinatzea dela, baina egin esfortzu txiki bat— Nafar Telebistako sofa horretan? Bada, antzeko zerbait. Ez da Hitler elkarrizketatzea, baina ezin esan egiazko Bertin Osbornek gaizki pasa zuenik. Aitortu zigun, esaterako, kantatu duen lekurik arraroena— «Kolonbian, datu gehiago ezin dut eman»-. Historiako narkorik famatuenaren etxea izan dela. Aitortu zigun, gero, ez dela zoriontsu, pobreak, errefuxiatu siriarrak, erlijio bategatik hiltzen duten putakumeak (sic) egon bitartean. Eta aitortu zigun, azkenik, berari futbola gustatzen zaion bezala, bere emazteari gustatzen zaiola diskutitzea. Bere alabaz ari zela, galdetu zuen: «Ze ona dagoen, ezta?». Eta erdiko hankari buruz ere bromak egitera ausartu zen. Dena iji-aja artean. Dena oso normala.

Bien bitartean zer egin zuen imitatzaileak? Labur, egiazko Bertin Osborneren txantxa bat eta bakoitzari barre, imitatzaile baino altzo txakur fidel baten gisan. Orain ulertzen duzue auto-maitasun ariketarena, ezta? Torrenteren «nos hacemos unas pajillas» gogoangarri hura txiki utzi zuena. Esaten zuten greziarrek—edo greziarrek esaten zutela esan zigun Bertin Osbornek, egiazkoak—: «ezagut ezazu zeure burua». Baina gauza batzuk ezagutzea ez da, benetan, beharrezkoa.

Dena den, eta Osbornek TVE utzi zuelako penatuta zeundetenok —ez disimulatu, gutxi batzuk izango zineten eta— , lasai: Javier Cardenas fitxatu du Espainia aldeko telebista publikoak. Kanpai-jotzaile, presentaezin, matxirulo kuota, beraz, berriz ere bere horretan da. Eta denak jarraituko du aurrera, hemen ezer pasako ez balitz bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.