Aritz Galarraga.
EKOGRAFIAK

Badauka bertute bat

2016ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Marka da gero: Julian Iantziren Nafar Telebistako elkarrizketak behin baino gehiagotan aipatu ditugu hemen, baina pasaran beti, betizuari—ezen, zezenak ez, betizuak dira Lesakakoak, ezta?— ile-adats hori eder horretatik heldu gabe oraindik. Gaurkoa, Ekografiak Nahieran zerbitzuaren hondar emaitza da, gainera. Bezero batek —segur aski, fidelenak— halaxe esan zidan: «Aspaldian Ekografia hori espero dudalako ez nago sekula bakarrik». «Panpox» gehitzea bakarrik falta izan zitzaion. Berdin dio, ezaguna da hemen inguruko jendeak sentimenduak adierazteko duen urritasuna. Ez denek, zorionez. Gera nadin, beraz, A solas con Julián —beldurtxoa— telebista saioarekin.

Eta esan dezadan beste ezer baino lehen Julian Iantzi dela tipo bat izugarria —eta izugarri zentzu onean, noski; horrela, hurrena gurutzatzen dudanean aurpegi eder hau osorik atxikiko dudanaren esperantzan—. Baina elkarrizketa horiek, uf, nola esan. Egia da, elkarrizketatzaile bezala badauka bertute bat, garrantzitsua oso, elkarrizketatzaile askok ez daukatena: elkarrizketatuari hitz egiten ez diola uzten, etengabe moztu, zapaldu, ahoa bete hitz uzten duela —tira, nik neuk imajinatzen ahal dudala aurreko zutabean iradoki nizuena: Julian Iantzik Julian Iantzi elkarrizketatzea—. Eta hori, segun eta zein den elkarrizketatua, pila bat eskertzen da. Batzu-batzuk pasa dira sofatik, Nafarroa Garaiko gizon-emazte itzaltsuak guztiak ere: Gran Hermano-ko Jacinto, esaterako. Baina Marea taldeko abeslari Kutxi Romerori egindako elkarrizketa aipatu nahiko nuke, paradigma gisa. Huntaz eta hartaz aritu ondoren, azkenik iritsi zen egiaren ordua: «Badakit badagoela gustatzen ez zaizun beste tipo bat, zure arabera ez ditu etxeko lanak ondo egiten, ez da dokumentatzen elkarrizketetarako, eta neroni buruz ari naiz. Eta niri esateko gogoa zenuela». Goia jo zuen une horretan egometroak. «Bai, El Drogasi egin zenion elkarrizketa bat izugarria» —eta izugarri zentzu txarrean orain, noski—. Momentu gorena, ordea, Kutxik Iantzi euskal Paula Vazquez dela esan zuenean izan zen. Ez da konparaketa txarra. Erabatekoa izateko, ordea, xehetasun bat falta du. Aspaldi honetan telebistatik aparte xamar dabil Vazquez, bi urte-edo izango dira. Eta prentsan irakurri diot: «Badakit ez dudala sekula berriz ere telebistan lan egingo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.