Aritz Galarraga.
EKOGRAFIAK

Behar bezala

2016ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Azken egunotan gertatu dira —gutxienez— bi gertaera kolpagarri, telebista molde tradizionala —berriz ere— ataka gaitzean jarri dutenak: Nizako hilketez eta Turkiako kolpe estatu saiakeraz ari naiz, noski. Ataka gaitzean diot, egoera ez baita izan samurra: kateek ez bazioten kasu egiten gaizki —begira ETBren papera, ohiko programazioari eutsita; edo Telecinco: Supervivientes-en azken galarekin jarraitu zuten normal-normal, Kosta Urdineko hirian uda gau bateko amesgaiztoa bizitzen ariko ez balira bezala—. Baina kasu egiten bazioten ere, ez askoz hobeki.

Kritikatuak izan edo oso kritikatuak izan, segur aski ez da izan beste irtenbiderik. Adibidez, oso kritikatua izan da France2 kate publikoak egindako edizio berezia, Nizako atentatuaren ondotik. Lehenik izan zen bideo amateur bat —zeinak erakusten zuen erasotzaileak erabilitako kamioia jendetzaren aurka ero moduan—, kiribilean, are kamera geldian, ikus-entzuleak xehetasunik txikiena ere galdu ez zezan. Minutu batzuk beranduago, elkarrizketa bat eman zuten, gizon batena, bere emaztearen gorpuaren ondoan eseria: «Bukatu da niretzat, semea hila dut. Biak galdu ditut kolpetik. Emaztea eta semea festa ikustera etorri dira. Eta, hara, begira ze festa». Biharamunean, noski, barkamena eskatu zuen Frantziako kate publikoak, esanaz «irizpide akats bat» egon zela, baina «egoera ezohiko batean».

Horrexegatik eskertzeko modukoa da, Turkiako estatu kolpe saiakeraren harira, TV3 katalanak altxamendua gertatu gauean berean egindako jarraipena. Ez zuten gauza berezirik egin, egia esan, gidari bat jarri —segur aski laneko txanda bukatu gabe zegoen aurkezlea—, gaian aditua den etxeko kazetaria hartu, eta aurrera. Gauza berezirik ez, baina, ikusitakoak ikusita, agian, hori zen onena, aurpegia ematea, egotea, ikus-entzulea laguntzea, nahiz soilik izan konpainia egitearen zentzuan. Zarata handirik gabe, gauza ahalik eta zentzudunenak, neurritsuenak, zuhurrenak esaten saiatuz. Are gehiago konparatzen bada Espainiako kate publikoak egin zuen nahasmenduarekin. Ez zekiten zer esaten zuten ere. Egia da, beraz, halako gertaera kolpagarriak gertatzen direnean txorakeria gehiegi ikusi eta entzuten direla. Eta telebista ezin dela, oro har, piztu. Salbu eta gauzak behar bezala egiten dituen katerik baldin baduzu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.