Aritz Galarraga.
EKOGRAFIAK

Salba dezagun Prados kazetaria

2016ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Fenomeno ezohikoa baita gure telebistan, behin baino gehiagotan aipatu izan dugu zutabeotan Reyes Prados. Pentsatzen dut zenbaitetan ondo —nahiz orain ez izan akorduan noiz—, beste zenbaitetan hain ondo ere ez. Azkena aipatu genuen ETB1eko InautHerriak emanaldi bereziaren karietara, antza herri txikietako inauteriei buruzko saio bat izan behar zena, baina finean Reyes Pradosek herri txikietako inauterietan egindakoei buruzko saioa izan zena: hau da, Reyes Pradosek nola egiten zuen joaldunarena Iturenen, porreroarena Asparrenan, zamaltzainarena Zalgizen. Eta andaluziarrarena, kontxo, leku guztietan.

Azkenaldian, aldiz, ez dugu gehiegi aipatu. ETB2ko De lo bueno lo mejor saioaren buru ibili delako edo: «Euskal Herrian zehar, ezezagunak zaizkigun paraje, herri, etxe eta jatetxe berezi eta onenetan barrena murgildu gaituen goi mailako bidaia paregabea». Bikain, ezer arrarorik ez, ustez. Baina orain berriz behartuta gaude hona ekartzera. Ez bakarrik Tú al norte y yo al sur itzuliko delako ETB2ra. Batez ere, ETB1en aurki estreinatuko duelako saio berri bat, Gutariko batLehenik Euskadi lehenik, Gora Gu ta gutarrak gero eta Gutariko bat orain-. Hauxe dio promozioa bideoak: «Euskal Herrian bizi naizenetik, abereen mundua, arrauna eta herri kirolak ikusi ditut telebistan» —ETBn suposatzen dut, kirolen telebistan—; «baina sakonean, ez ditut ezagutzen» —nik ere ez; larria al da mediku anderea?—. «Zeresan handia duten protagonistekin batera, euskaldunen ohituretan sartuko naiz». «Euskaldunen» dio, eta ez «euskaldunon», nahiz Prados euskara hiztuna izan —ez da hain eskuzabala, hartara, gure nazio edo dena delakotasuna: euskaldunen ohitura horietan sakontzea izango ote da bete beharreko baldintza?—.

En fin, errepikatzen naiz: ze pena Reyes Prados, berriz ere kazetari baino andaluziarrarena egiten duen kazetari gisa agertuko zaigu itxuraz. Hain ondo legoke kazetariarena soilik egingo balu, eta hain indartsua litzateke pasako lukeen mezua. Errua ez da harena, noski: erridikuluraino andaluziarrarena egitera kondenatzen dutenena baizik, euskararen kausara irabazitako espainolaren burua balitz bezala. Utz diezaiogun zirkuko animalia bat bezala erakusteari. Salba dezagun Prados kazetaria. Beranduegi izan baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.