EKOGRAFIAK

Europa, fikzio bat

Miren Manias -

2018ko maiatzak 4
Argitaratu dute Europako Ikus-entzunezko Behatokiaren azken txostena. Alemania da eduki gehien ekoizten duen herrialdea: 2.156 ordu urtean —kopuru osoaren %19—. Hari jarraitzen diete Espainiak, Portugalek, Erresuma Batuak eta Frantziak. Alde nabariarekin, baina: 1.509, 1.136, 1.082 eta 709 ordu, hurrenez hurren. 102 ikus-entzunezko zerbitzu aztertu ditu behatokiak; 52 kanal pribatu, 42 kanal publiko eta bost Interneteko plataforma —CanalPly, Amazon, ViaPlay, C More Play eta Netflix—. Emaitzen arabera, 2015etik 2016ra, 922 ekoizpen eta 16.412 atal sortu dituzte Europako Batasunean. Horien hizkuntzari buruz, txintik ez.

Ekoizleek atal gutxiko edukietara bideratzen dituzte baliabideak nagusiki. Fikziozko produkzioaren %85ek 1-13 arteko atal kopurua daukate. Produktu izarra, aldiz, telefilma da: telebistarentzat eginiko bat edo bi ataleko ekoizpenek osatzen dute kopuru horren %44. Bestalde, ekoitzi diren telesailen erdiak dira iraupen luzekoak, eta gainerakoak promozio berrikoak; zailtasunen isla da hori, ikusleen fideltasuna eta tokiko ikus-entzunezko sektorea egonkortzeko. Espainiak joera hori apurtzen du; izan ere, egindako atal kopuruan oinarrituta, sei ditu lehen hogei telesailen zerrendan: Amar es para Siempre (Antena3), El secreto de Puente Viejo (Antena3), Seis Hermanas (La1), Acacias 38 (La1), Centro Médico (La1) eta La Riera (TV3). Gure Goenkale-k burua altxatuko balu...

Kate publiko eta pribatuen inbertsioei dagokienez, lehenengoek fikziozko produkzioaren %73 bete dute. Goitik hasita, ARD (171 ekoizpen), ZDF (144), France Televisions (83) eta BBC (83) talde publikoak daude, besteak beste. Hala ere, kate pribatuen estrategia da esfortzuak ibilbide luzeko lan gutxi batzuetan biltzea. Ondorioz, kate publikoen gainetik ageri dira, ekoizpen ordu kopurua azpimarratzen baldin bada: %56.

Nola ikusten dira eduki horiek? Beharbada, guztiok jakin gura dugu horren erantzuna. Halere, interesgarria da hemen aipatzea behatokiaren beste txosten batean aurkitutako datua —Interneteko plataformetako telebista edukien jatorria—: «Europako edukiek tokiko katalogoetan aurkitutako atalen %24 islatzen dute; streaming zerbitzuetan, aldiz, %21». Bada, hori: Europa, fikzio bat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna