EKOGRAFIAK

Channel 4, Glasgowra?

Miren Manias -

2018ko ekainak 1
Argitara eman zuten atzo. Channel 4 telebistaren egoitza berria hartzeko aukeren artean dago Glasgow. Orain arteko lehia ez da txikia izan. Erresuma Batuko 30 proiektu aurkeztu ziren, eta zazpik gainditu dute lehen galbahea. Bigarrenean, beraz, sei aurkari izango ditu Glasgowk: Bristol, Cardiff, Manchester, Leeds, Liverpool eta West Midlands. Hautagaien zerrendatik erortzeko beldurra zabaldua zen; gainerako aukerekin alderatuta, Londresetik urrun dagoen lekua izan zitekeelako Eskozia. Jonathan Allan Channel 4eko zuzendari komertziala «oso harrituta» azaldu da proposamenen berrikuntza eta sormen maila handiarekin; «hautagaiak bisitatzeko irrikan nago». Datozen hilabeteetan Eskoziara etorriko da Channel 4eko zuzendaritza batzordea, Glasgowko hautagaitza taldeko kideekin elkartzeko. The Herald egunkariak jaso duenez, Glasgowko proposamena sendoa da, «sormen eta telebista produkzio sektore garrantzitsuak baititu». Bestalde, hiriaren garraio zerbitzu eta lotune indartsuak azpimarratu ditu. Stuart Cosgrove hautagaitza taldeko kideak honako hau esan zuen berria jakitean: «Glasgow hiri gaztea eta anitza da; talentu, jarrera eta potentzial handikoa. Pribilegioa da hori guztia Channel 4 kateari erakusteko aukera izatea».

Iaz hasi zen telebista publikoaren egoitza lekuz aldatzeko prozesua, Erresuma Batuko gobernuak Channel 4 esku pribatuetara pasatzeko eskaera baztertu eta gero. Helburua da katearen kostua murriztea, Londres garestiegia baita. Datu bat: programazio orduen %55 Londresen egoitza ez duten ekoizpen etxeek egiten dute. Channel 4 publizitateaz finantzatzen da, eta estatuak du haren gaineko jabetza. Askok salatzen dute katearen aurrekontu txikiegiak mugatzen duela haren inbertsioa Erresuma Batuko sormen industrian.

Kateak Eskoziaren alde apustu egingo balu, bi gune garrantzitsu ekarriko lituzke Glasgowra: nazio mailako telebistaren egoitza nagusia eta sormen laborategi garrantzitsua. Eskualdean, 650 milioi euroko ekarpena egin lezake, eta, guztira, 7.490 lanpostu sortu. Glasgow Eskoziako hiriburu handiena da, eta Erresuma Batuko hirugarrena. Etxeko medio gehienek pozez hartu dute berria, baita herritarrek ere —sare sozialetan mezu baikor ugari irakurri ditut—. Irabazlea urriaren 1ean jakingo da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna