«Hitzetatik ekintzetara» pasatu gura du Berizzok, Huescaren kontra, Kopan

Athleticeko entrenatzaileak esan du ez duela arriskuan ikusten bere burua. Baliteke Unai Simonek eta Adurizek hasieratik jokatzea gaur

haritz gallastegi
Bilbo
2018ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
«Hamabi partida daramatzagu irabazi barik. Beraz, horrelako egoera batean hitz egiteari utzi eta ekiteko ordua dela pentsatzen dut. Horretarako aukera daukagu Kopan». Eduardo Berizzok asteak daramatza futbola nola ulertzen duen azaldu guran. Futbolean emaitzek agintzen dute, etagaraipenak lortzen ez direnean zaila da helburua lortzeko bideari puntuei adina pisu ematea. Berizzok ez du aldatzeko asmorik, baina argi dauka bai berak eta bai taldeak garaipen bat lortzeko premia dutela. «Ez naiz inuzentea. Irabaztea gura dut, baina garaipenak lortzeko bide bat aukeratzen dut».

Garaipenaren bidean oztopo handiak ari da topatzen talde zuri-gorria. Athletic ez da talde sendoa, eta, denboraldiak aurrera egin ahala, jokalariak autoestimua galtzen ari dira. Horregatik, teknikariak garrantzi handia eman dio gaur San Mamesen Huescaren kontra jokatuko duten Espainiako Kopako final-hamaseirenetako joanekoari. «Nagusitasunez irabazi beharrean gaude. Irabazteak konfiantza berreskuratzen lagunduko digu. Jokalariak beldurrez jokatzen ari dira». Bestalde, taldean argi gorria piztu den arren, ez du bere burua kolokan ikusten. Atzo elkartu zen Urrutiarekin. «Babestua eta errespetatua sentitzen naiz». Baina, era berean, teknikariak badaki egoera irauli ezean ez duela bide luzea egingo.

Kopako partida «aprobetxatu» beharreko aukera da Athleticentzat. Kopak ez du punturik ematen ligako egoera larria zuzentzeko, baina partida on bat jokatzeak indarra eman diezaioke. Horregatik, teknikariak ez du hamaikakoan iraultzarik egingo. Ligan jokatzen ari den taldeari segida emango dio taldea batu eta jokoan aurrerapausoak emate aldera. Atean, Unai Simonek joka dezake. Ez da erraza ulertzea Berizzok zergatik kendu zuen ligan. Defentsan Yurik bete dezake Balentziagaren lekua. Baina, ezin da baztertu teknikariak Iñigo Martinez ezkerrean zelairatzea kontuan hartuta Yurik ezin izango duela ligako hurrengo partida bietan jokatu. Ondarroarra defentsako ezker hegaleko postura egokitzeko baliatu dezake aukera. Bestalde, litekeena da Adurizek betetzea Raul Garciaren lekua erasoan. Zorionez, erdilari nafarraren lesioa ez da larria, eta, okerrik ezean, datorren astean jokatzeko prest egongo da.

ATHLETIC-HUESCA

Athletic. Unai Simon; De Marcos, Unai Nuñez, Nolaskoain, Iñigo Martinez; San Jose, Beñat, Susaeta, Muniain, Williams; eta Aduriz.

Huesca. Werner; Miramon, Insua, Semedo, Brezancic; Aguilera, Sastre; Gurler, Rivera, Gallar; eta Longo.

Epailea. Gonzalez Gonzalez.

Lekua. San Mames (53.300 ikusle).

Ordua. 20:45ean (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.