Txinatar urte berriari hasiera eman diogu; txakurraren urtea izango da aurtengoa, baina ezer gutxi dakigu Asiako erraldoiaren inguruan, besteak beste, teknologiari dagokionez.
Iristen zaizkigun albisteetako asko zentsura eta kontrol neurrien ingurukoak dira. Bolo-bolo ibili dira azken aldian iheslari zenbait harrapatzeko erabilitako betaurreko inteligenteak, adibidez. Fenomeno horiek egia izanik ere, errealitatea konplexuagoa da, eta guretik guztiz ezberdina.
Google bueltan da Txinan, baina Baidu da txinatarren erreferentzia bilaketetan. Googlek bezala, posta elektronikoa, mapak eta beste hainbat zerbitzu eskaintzen ditu. Ikerketan ere badabil, Googlek orain Alphabetek hartutako bidearen antzera, auto autonomoen garapenean dihardu.
Alibaba izan daiteke, sareko komertzioan, Amazonen antzekoa den zerbitzua. Amazonek bezala, zerbitzari eta hodei zerbitzuak ere eskaintzen ditu, baina, bereziki, sareko salerosketa txiki eta handitan du indarra. Ordainketa metodo propioak ere baditu.
Tencent eta bere WeChatak Facebooken parekotzat identifikatzea beharbada ez da guztiz zuzena, baina haren mezularitza tresna sozialak beste guztiak atzean uzten ditu Txinan. Gainera, beste askok ez bezala, bertatik zerbitzuak salerosteko aukera erraza eskaintzen du. Milaka zerbitzu ditu kanal beraren barnean, eta horrek oso indartsu egiten du.
Azkena Xiaomi da. Mota askotako gailu eta produktu eskaintzen ditu enpresak. Sakelakoak, tabletak, gailu inteligenteak... Gailu adimentsu eta jantzigarrien alorrean indartsu sartu da, salneurri txikiko eta kalitate handiko eskaintzarekin. Horiez gain, azkenaldian patinete eta bizikleta elektrikoak saltzen hasi da.
AEBetako enpresa erraldoien aurrean beste erraldoi batzuk ere badirela ikusteko behintzat balio du horrek. Biak ala biak gero eta Internet zentralizatuago baten irudi dira, ez bata bestearen alternatiba.
Batzuek Europako enpresa handien hutsa sumatuko dute, baina amerikarren kolonizazioa erabatekoa da alor horretan ere. Interneteko berezko izaera banatuak salba zezakeen egoera, baina dirudienez metatzeko joera ez da aldatuko, sistemak berak hori sustatzen duen bitartean.
Nahiz eta beste eredu batzuk posible izan, gero eta urrunago daude.
IRLEN SAREA
Txakurraren urtea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu