gorka julio
IRLEN SAREA

Aldundiak jakinarazten du

2018ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du auzitara eramango dituela bere funtzionarioen eta goi-kargudunen aurkako «irainen» eta sare sozialen bitartez zabaldutako informazio faltsuen egileak.

Imanol Lasak aipatu du ez dela lehen kasua izan, eta hemendik aurrera gehiago izango direla jarraituko dieten kasuak. Zehazki hau esan du: «Foru zerbitzu juridikoek gogor egingo diete aurre anonimatuaz baliatuta aldundiko langileen eta kargudunen kontra zabaltzen diren difamazioei eta gezurrei».Aldundiak fiskaltzari helaraziko omen dizkio Interneteko foro eta guneetan aurkitzen dituzten kasu horiek, baina, ohiko legearekin nahikoa izan bada kasu batean, zertarako egin adierazpen hori?

Hainbat hedabidek zabaldu dute albistea, eta sare sozialetako erabiltzaile batzuek. Anonimoak ez diren kontuetatik azalpenak eskatu dizkiote mehatxu kutsua hartu dioten adierazpen horri. Lasak, bertan izandako elkarrizketetan gehiegi argitu ez arren, adierazpen askatasunaren alde dagoela adierazi du. Ez du guztiz argitu zer kasutan eta zer-nolako neurriak hartzera doazen .

Justizia sekretuaren kasu berri baten aurrean gaude? Zein da aldaketa orain? Legea argi ez dagoenean, zein kasutan eta nori aplikatuko zaion argi ez dagoenean, interpretaziorako gune arbitrario bat irekitzeko arriskua dago. Beste lege askorekin ikusi dugun bezala, legearen aplikazioa kasu zehatz batzuei bakarrik eragiteko aukera ematen zaio horrela.

Kasurik ezagunena mozal legea deiturikoarena da. Joseba Alvarezek Argia-n sinatutako Inboluzioaren mozala artikuluan, legearen aplikazioaren datu beldurgarriak erakutsi dizkigu: «2015-2017 bitartean, 11.000 aldiz baino gehiagotan erabili dute Mozal Legea. EAEn Ertzaintzak 8.000 espediente martxan jarri ditu, eta Polizia Foralak beste 3.000 Nafarroan, bi legebiltzarrek Mozal Legea-ren aurkako iritzia eman duten arren...».

Aldundiaren adierazpenera bueltatuz, «gehiegizko jarreren» aurka soilik aplikatu nahi badu ere, jendeak bere iritzia etengabe neurtzen egotea eskatuko duen neurria da; panoptiko digitala hedatzea helburu duten neurriak inoiz ez dira adierazpen askatasunaren aldekoak. Jendarte osoari beren buru gainean begi ikuskatzaile bat duela esateak ez dio adierazpen askatasunari ezertan laguntzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.