Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Sinesgarritasunaz

2017ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Hauek dira datuak, ondorioak zuen esku». Lelo hori darabil aldiro Ana Pastor kazetariak La Sexta kateko El objetivo saioan. Besteren artean, datuen kazetaritzan oinarritzen dute emanaldia. Alderdi politikoen eta politikarien jarduna aztertzen dute, haiek emandako datuen arabera. Ohikoa da ere azkenaldian hainbat egitasmoren inguruko datuek nahasmena sortzea edo, are, datu zehatzak lortzeko zailtasun handiak izatea. Egiak ertz gehiegi ditu, bereziki, gaurko informazio jasa desordenatuan eta interesatuan. Horretan, hedabideen interesak gehitu behar zaizkie alderdi politikoen estrategia bihurriei. Denbora asko ez dela, adibide garbia eskaini zuten Bartzelonako Udaleko osoko bileran. Ciutadans alderdiko ordezkarietako batek azken urtean etxegabetze kasuak bikoiztu izana egotzi zion, enegarrenez, Ada Colau alkateari. Datu hura faltsua zela erantzun eta nondik atera zuen galdetu zion alkateak. Hark prentsaurreko batean eta sare sozialetan emana omen zen. Azkar asko erantzun zion Colauk, bikoiztuak etxegabetze kasuetan udalak egindako esku-hartzeak zirela, hain zuzen ere, ez etxegabetzeak. Ez dakit nahikoa izan ote zen hanka sartze makurra argitzeko, ikus-entzuleek jaso ote zuten benetako datua, izan ote zuten nahikoa sosegu eztabaida osorik jarraitu eta informazio zuzena jasotzeko.

Albistea zabaldu zutenak dira joko horretan aritzen lehenak. Joan den astean, egun berean eta ordu eta erdiko aldearekin, ohar bana zabaldu zuten Atresmedia eta Mediaset España etxeek. Hona lehenaren izenburua: «Atresmedia jaun eta jabe izan da Interneten 2016an, ikus-entzunezkoen sektorean»; bigarrenak, berriz: «Mediaset España komunikazio talde liderra Interneteko bideoen kontsumoan, hilero ia 500 milioi minutu eta 95 milioi bideo ikustaldirekin». Biek erreferentzia zuzena egiten zioten besteari. Ohikoak dira halako izenburuak. Lantzean behin, hedabide guztietako albistegietan ematen dute albistegi jarraituenen berri. Bozetan nola, denak garaile. Bakoitzak bere ertzari heltzen dio. Nik Ana Pastorren egiaztatze frogak sumatzen ditut faltan. Ez hainbeste benetan jarraituena nor den jakiteko, bakoitzak gezurra zenbateraino esaten duen edo egia zenbat puzteko gai den jakin nahi nuke, bakoitzaren albisteak proportzio horretara ekartzeko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.