Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Abangoardian

2017ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Ohikoa da pentsatzea hotz handiagoa egingo duela etxea txikia bada. Ez da beti horrela gertatzen. Gaur hamar urte sortu zuten, Katalunian, Filmin Interneteko zinema ataria, 300.000 euroko aurrekontuarekin eta hamabi metro koadroko bulego batean. 2010etik egin da ezagun. Sarean filmen kontsumoa eta banaketa modu legalean egiteko lehen erregulazio pausoetako bat da. Harpidetza orain hiru urte egin nuen lehenengo aldiz, eta ordutik urtero oparitu dut Gabonetan. Independenteak diren Europako produktuak eskaintzen ditu nagusiki, erraz aurkitzen ez diren horietakoak. Gero eta gehiago dira munduko filmak ere. Iran, Irak, Kurdistan... Eta zine komertziala ere aurki daiteke Filminen. Egun, 10.000 izenburutik gorako katalogoa du (film luzeak, dokumentalak, laburrak eta telesailak). Gehienak, jatorrizko bertsioan gaztelerazko azpidatziekin edo gaztelerara bikoiztuak. Cameo, Alta Films, Avalon Distribucion, Golem, Tornasol, Vertigo Films eta Wanda Vision banaketa etxe independenteak daude plataformaren atzean. Zenbakietatik bizi diren erakundeak dira, ados, baina guztiek dute ezaugarri hau: kalitateko zinemarekiko pasioa. Haien helburua hau zen: banatzaile erraldoien artean lekua egitea eta jendeak ordain zezan zinema Interneten ikusteagatik. Negozio eredu berria ogibide egin, eta autore independenteen lanei ikusgarritasuna ematea. Alegia, gainerakoek eskaintzen ez dutena eskaintzea. Zaintzea. Sarritan, lasterbideei uko eginez. Hamarkada bat geroago posible dela frogatu dute, zenbaki gorriak atzean utzi berri baitituzte. Bidean, fundatzaileek hainbatetan aitortu dute dirua galtzen ari zirela. Baina etxea txikia izanik, zirrikituak identifikatu eta bizirik irautea lortu dute hipermerkatuen arteko lehia handian. Garbi zeukaten etorkizuna digitala zela eta audientziak streaming-ean ikusiko zituela filmak.

Ekainean, Kultura Enpresen Institutu Katalanak (ICEC) lagunduta, FilminCAT sortu dute. Katalanezko filmen eta telesailen lehen plataforma digitala. Orain gutxi, Vodafone telebistarekin egin dute akordioa, eta Espainiako Zinema Akademiarekin, Kultura Ministerioarekin eta Generalitatearekin bildu dira hezkuntza sisteman murgiltzeko. «Helburua da gazteek zinema erabiltzea ikasmaterial gisa». Katalanak beti abangoardian, aizue!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.