Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Nartzisismoa

2018ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Hauxe dio euskarazko Wikipediak nartzisismoaz: «Pertsona batek bere burua miretsi eta goraipatzeko [...] gehiegizko joera da. Nartziso mito grekoari egiten dio aipamena, zeinaren arabera bere burua miretsiz hil zena». Antzinako kontzeptua da nartzisismoa. Sigmund Freud filosofo austriarrak aztertu zuen 1914an. Eta egun oso presente dago gurean. Egiazko giza harremanetan, eta fikziozkoetan. Telebista piztu eta reality-ak (edo antzekoak) ikusi besterik ez dago horretaz jabetzeko. Channel 4 kateko First Dates, esaterako. Bikotea bilatzeko hitzorduen programa edo dating show-a. Han, protagonistak euren buruaz berbetan aritzen dira etengabe. «Arte Ederrak ikasten dut. Beganoa naiz, eta ezin ditut jasan arraina edo haragia jaten dituztenak». Gizonezkoa ala emakumezkoa izan. Haien adina edozein dela ere. Helburu inkontzientea da arreta gune izatea. «Orain hamazazpi urte hil zitzaidan gizona. Pena handia hartu nuen. Inork ez du haren lekua beteko hark baino hobeto». Erraz dei zitekeen saio hori Ni eta nire mundua.

Aitortzen dut izen bereko saioa ikusten nuela batzuetan Cuatro katean, Eskoziara etorri aurretik. Badakit. Nekez egiten dira halako aitortzak publikoki. Ez da ohikoa jendartean deklaratzea jasoak ala landuak ez diren saioak kontsumitzen ditugula. Baina ziur nago ez naizela bakarra. Edonola ere, nartzisismoaz eta joera hori zabaltzen duten saio arrakastatsuez hitz egin nahiko nuke. Telebista tradizionalean oraindik ikusle datu onak ematen dituzte. Samur ikusten dira, alegia. Buruari askorik eskatu behar izan gabe. Ados. Norbait ezagutzen duzunean, beharbada ez da lehenengoa politika, ekonomia ala gizarte gaiez solastatzea. Normalena izaten da norberari buruz zerbait kontatzea besteari. Adina. Ogibidea. Bizilekua. Zaletasunak. Programa horietan ikusten dudan arazoa da errazegi sustatzen dela aldamenekoaren gaineko kritika. Inolako kontenplaziorik gabeko epaiketa. Parte hartzaileek besteaz duten iritzi eta komentarioekin osatzen dute saioa. Noski, guztiak ere kameraren atzean adierazitakoak.

Sarri, telebistaren beste aldean gaudenontzat erlaxatzeko pilula efektua izan dezakete, eta mezu nartzisistak inkontzienteki formulararazi: «Ez doakit hain gaizki». Ez genuke ahaztu behar, ordea, gu ere saio horietan parte hartzaile garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.