EKOGRAFIAK

Txistea dirudi

Miren Manias -

2018ko otsailak 16
Pentsatzen dut gehienok ezagutuko duzuela. Hala ez bada, lasai, azalduko dizuet eta. Meghan Markle emakumezko aktore eta telebistako modelo estatubatuarra da. Kalifornian jaio zen 1981ean, eta famatua egin zen Suits (2011) telesailean parte hartzeagatik. Legezko kontuen gaineko saio horretan, Rachel Zane abokatu-laguntzaile «erakargarria» da Markle —bai, azken hori ere azpimarratzen du gaztelerazko Wikipediak—. Baina, oraindik unibertsitatean dago, eta azterketek eragiten dioten antsietatea eragozpena da abokatu bihurtzeko. Agian zintzilikatuko nauzue. Kontua da, ez dudala espero zuek jakitea Markle nor den haren ibilbide profesionalagatik. Baizik eta Britainia Handiko errege familiako kide bat harekin ezkonduko delako, datorren maiatzean. Galesko Harry printzea, hain zuzen ere. Nire kasuan, tamalez, horrela gertatu da. Iazko azaroan BBCk ezkontzaren berri eman artean, ez nuen inondik inora Markle ezagutzen.

Gaia ekarri dut hona, aktorea bolo-bolo dabilelako Erresuma Batuko hedabideetan. Ezkongaiek Edinburgo (Eskozia) bisitatu zuten asteartean, 2018ko Gazteen Eskoziako Urtea indartzeko. Komunitatean lan egiten duten erakundeak gertutik ezagutzeko, hiriburuko kafetegi batean izan ziren. Markle ezagun ere egin da berdintasun sozialen aldeko jarrera izateagatik —jatorri afroamerikarra du—. Halako batean, kamera guztien aurrean eta protokoloa apurtuz, kafetegia zeraman pertsona besarkatu zuen. Bada, flanaren karamelua baino albiste gozoagoa izan da BBCrentzat. Ez da ezustekoz erori, ordea. Herrialde osoak ezagutzen du telebista publikoaren eta errege familiaren arteko harremana. Iraingarria, ikusleentzat. Zaila da aurkitzea BBCk sinatutako albiste bakar bat, Isabel bigarrenaren senideren bat kritikatzen duena. Oso erraza, aldiz, BBCk Erresuma Batuko errege etxeaz zabaltzen duen propaganda mediatikoa salatzen duten erreportajeak. Google atarian bbc, royal family eta propaganda hitzak idaztea besterik ez duzue behar hori ikusteko. Adibide iraingarria jarriko dizuet: 2017ko abenduaren 27an, Harry printzeak Barack Obama AEBetako presidente ohia BBCn elkarrizketatu zuen. Zein telebista publikok bidaltzen du haren herrialdeko errege familiako norbait, presidentetza osteko Obamaren lehen elkarrizketa mediatikoa egiteko? Txistea dirudi.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna