EKOGRAFIAK

Faltsutzea artelana da

Miren Manias -

2018ko apirilak 11
Ez zait hainbesterako iruditu. BBC telebistak dokumental baten irudiak faltsutu dituen berriaz ari naiz. Diotenez, 2011n emandako eszena batzuk dira non Papua Guinea Berriko tribu baten bizimodua irudikatu zuten. Antza, zuhaitzetan etxeak propio eraiki zituzten protagonistek dokumentala grabatu zezan BBCk. Iruzurra. Engainua. Azpikeria. Deitu nahi duzuen bezala. Telebista britainiarrak aitortu egin du: «Irudia ez da benetakoa». Horrek, neurri batean, galdutako sinesgarritasuna bueltatu dakioke kateari. Komunikazio eta harreman publikoen ikuspuntutik, erakunde baten irudia garbitzeko tresna da. Alegia, hanka sartzea onartzea. Horrez gain, bezeroari barkamena eskatzea ere ezinbestekoa da. Espainiako errege familiak mekanismoa erabili zuen orain bost urte; Juan Carlos Borboikoa Botswanan elefanteak ehizatzen izandako erorikoak behartu zuelako kirofanotik pasatzera, gertaera argitara emanez. Irtetean esan zuen: «Asko sentitzen dut, ez da berriro gertatuko».

BBCren azpikeria ez zait hainbesterako iruditu, Cristina Cifuentes Madrilgo Erkidegoko presidenteak eta Javier Maroto Gasteizko alkate ohiak ustez egindakoen aldean —biak PP alderdikoak—. Biek faltsutu dituzte haien ibilbide akademikoak graduondokoa erantsita. Unibertsitatearen adierazpenen kontra, lehenengoak dio eskoletara joan zela, master amaierako lana egin eta epaimahai baten aurrean aurkeztu zuela. Bigarrenak, aldiz, nahiago du esan gaizki-ulertua dela guztia; urtebeteko ikastaroa egin zuela eta batzuek sarritan masterra itzultzen dutela. Ez dut bi horien jarrera zuritu nahi, baina altxa dezala eskua inoiz ezer faltsutu ez duenak. Nire ustean, errealitatea faltsutzearen intentzioan eta emaitzan dago gakoa. BBCk egindako iruzurra ez zait hainbesterako iruditu: onar dezagun behingoz ikus-entzunezkoetan (ere) dena dela gezurra. Ez dagoela ihesbiderik. Ezta dokumentaletan ere. Irudiak soilik dira errealitatearen errepresentazioa. Kameraren aurrealdeko guztiak hartzen du, bat-batean, izaera sasi-naturala. Testuinguru horretan irudiak faltsutzea da artelana, azken emaitzaren mesederako. Jon Garaño zinemagilearen On the line (2008) dokumental faltsua horren adibidea da. Kimuak katalogoaren webgunean duzue ikusgai, eta honela dio: «Generoa, fikzioa».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna