EKOGRAFIAK

Kirolik ez zuzenekorik gabe

Miren Manias -

2018ko maiatzak 9
Snookerreko Munduko Txapelketaren finala jarraitzen eman ditut asteburuko telebista orduak. Erresuma Batuan tradizio luzea duen kirola da snookerra, eta interes handia pizten du Eskozian, jokalari onenen artean hainbat eskoziar baitaude: Walter Donaldson (Edinburgo, 1907-1973), Stephen Hendry (Edinburgo, 1969) eta Graeme Dott (Larkhall, 1977). Indian asmatu zen snookerra, 1870eko hamarkadan, herrialde hartan zegoen britainiar armadaren eskutik. Black Pool jokoaren adar gisa garatu zuten, 15 bola gorrirekin eta koloreko beste lau gehituta. XX. mende hasieran, Erresuma Batura esportatu zuten, eta, ondotik, kirol berriaren araudia ofizialki ezarri. Munduko Txapelketaren lehen edizioa 1927an ospatu zen. Bigarren Mundu Gerra zela eta, 1941etik 1945era ez zen lehiaketarik egin; ezta 1958tik 1963ra ere, behera egin baitzuen kirolaren gaineko interesak. 1977tik, aldiz, urtero ospatu da, Sheffield-en (Erresuma Batua).

Billarraren modalitate bat da snookerra. Ohi dena baino tamaina handiagoa du joko-mahaiak —luzeran nahiz zabaleran—, eta bola ontziak, berriz, nabarmen txikiagoak dira. Partida bakoitza 22 bolarekin jokatzen da: puntu bakarreko balioa duten 15 gorri, koloreetako sei —horia (2 puntu), berdea (3 puntu), marroia (4 puntu), urdina (5 puntu), arrosa (6 puntu) eta beltza (7 puntu)— eta horiek guztiak jotzeko erabiltzen den bola zuria. Helburua da ahalik eta puntu gehien lortzea, bolak ontziratuta. Koloreetako bat sartzeko, baina, jokalariak gorri bat sartu behar du aurretik. Eta akatsa egiteak txanda galtzea dakar. Lehiaketaren arabera, partida bakoitza hainbat zatitan banatzen da, eta bi egunez luzatu daiteke. Hamazazpi egun iraun du aurtengo txapelketa osoak, apirilaren 21ean hasi eta maiatzaren 7an amaituta.

BBC telebistak gertutik jarraitu dio Munduko Txapelketari; partidak zuzenean eskaintzeaz gain, saio bereziak ekoitzi ditu, jaurtiketa, bitxikeria eta adierazpen onenak bilduz. Ez naiz snookerraren zalea, baina tarteka harrapatu egin nau. Bereziki, asteburuko finalak. Objektuen kolore biziak, jokalarien teknika eta mugimendu dotoreak, haien arteko tentsio uneak, bolen biraketa eta ibilbide sinestezinak, audientziaren erreakzioak... Snookerrak aukera asko eskaintzen ditu errealizazioan sakontzeko. Gozamena da zuzenean ikustea. Kirola, nola bestela?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna