EKOGRAFIA

Onena aukeratuz

2021eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Urtearen azken egun hauek balantzea egiteko baliagarriak izaten dira askorentzat. Gauza onak aukeratzen ditugu gehienok eta gauza txarrak ahazten saiatzen gara. Niretzat, ariketa interesgarria izaten da, eta hurrengo urtea beste indar batekin hasteko baliagarria egiten zait.

Telesailen munduan, rankingak egiteko unea izaten da. Hedabide gehienek euren telesail gogokoak aukeratzen dituzte, eta urteko telesailen zerrenda anitz ikusten ari gara egun hauetan. Nire gogokoenak ere aukeratu nahi ditut, baina nahiko kaotikoa izaten naiz zerrendak egiteko. Estreinatu diren telesailen balantzea eginez, estreinaldi nahiko onak izan direla esan daiteke. Euskal produkzioan, Hondar ahoak bezalako telesailak bota dira faltan aurten. Beraz, Euskal Herritik kanpo egin diren telesailak aukeratu ditut zerrendarako.

Herrialdeka joango naiz zerrenda kaotiko honetan, eta azken hamarkadetan telesailetan buru den herrialdera joango naiz: AEBetara. Bertatik iritsi zaigu urteko telesaila: Sucession. Roy familiaren gorabeherek publikoaren arreta guztiz piztu dute, dudarik gabe. Mare of Easttown telesailari esker, aldiz, Kate Winsleten itzulera ikusi dugu. Telesail horretan, Pennsylvaniako herri batean gertatutako heriotza baten ondorioz, ikerketa oso berezi bat bizi izan dugu. Azkenik, abokatuen telesail onena aipatu behar dut: The Good Fight. Chicagoko abokatu bulego baten bihotzera eraman gaitu berriro, eta AEBetako aktualitatea oso ondo ezagutzeko aukera aparta izan da.

Erresuma Batuan maisuak dira telesailetan, batez ere, laburretan. Aurten, Sex Education-en denboraldi berria izan dugu eta oso ondo jokatu dute pertsonaia berrien agerpenekin. Urte hasieran, hiesaren pandemiaren inguruko telesaila ikusteko aukera izan genuen: It's a Sin. 80ko hamarkadako Londres ezagutu genuen horri esker.

Espainian, aldiz, Cardo izan da nire telesail gogokoena, duela gutxi aipatzen nuen bezala. Umore puntua Venga Juan eta Maricon perdido telesailek eman digute. Gizon baten gorabeherak kontatzen dira bietan: politika ustelaren kritika aparta izan da bata, eta homosexuala izateagatik bizitako diskriminazioaren kontakizun hunkigarria, bestea.

Telesail horien aukeraketa egin ostean, txarra ahaztu eta onena oroituz hasi nahi dut 2022. urtea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.