Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Atzea aurrean

2015eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Ez hanka ez buru. Ostiralean onartu zuen Espainiako Gobernuak LTDko kate berriak egokitzeko lehiaketa egitea. Memoriak kale egiten ez badit, urte bat izango da bai Mediaset, bai Atresmedia taldeak zenbait kate hiltzera derrigortu zituztela. Artean,LaSexta3 zoragarria kendu ziguten, gaur egun emititzen jarraitzen duten kate asko baino gomendagarriagoa zena, zalantzarik gabe. Tarte berak hamaika aldiz errepikatzen zituzten arren, barkatzen genien, pelikulak gelditu barik ikusteko aukeraren izenean. Sei kate jarriko dira eskura; horietatik hiru formatu estandarrekoak eta beste hiru bereizmen handikoak izango dira. Kontua da, dirudienez, behin kendu zutena berriz ere abiatzeko aukera emango dutela. Telebistak balio hezitzailea duela jabetuko ziren eta, hezkuntza legearekin koherente izateko, egin eta desegin, aurrera eta atzera zentzurik gabe dabiltza. Auskalo.

Baina Espainia, aurrera begiratzearena baino, beti izan da begiak garondoan izatearen zaleagoa. Atzera begira nostalgiko eta luzearen gatibu izatea da Espainiako herrialdearen identitate marketako bat. Rodrigo Rato kartzelatzea aurrerapauso txiki baten ilusioa izan daiteke. Haatik, ziur aski, ondo eramango du Norma Duval La1ra buelta egingo duela dakienean. Pantailan ikusten dituenean bere alderdiko musa eta Jose Luis Morenoren arlotekeriak, zulotik ateratzeko esperantza areagotuko zaio. Saio hura bezalako jendilajea zigorgabe geratzen zen —edo den?— garaietara eginda.

Al rincón de pensar bidali dezakete Risto Mejiderekin. Saio berriari izen hori jarri diote, agian memoria bizirik mantenduko duelako, edo kritikaren bitartez eztabaida sortzeko prest delako, edota besterik gabe, Ristoren beste handinahikeri bat da. Zergatik eta, ez duelako bere burua beste edozein gizasemeren pare jarri nahi. Betaurrekoak kentzea ez dut uste biluzik geratzearekin parekatu daitekeenik, baizik eta, morboaren zirkuan sartu, eta pertsonaiak irentsi duela onartzen duen keinua baino ez da.

Hemen ez da sosa batzuengatik saltzen ez denik. Galde diezaiotela Eva Hacheri; bere ustez proiektu interesgarrien atzetik Atresmediatik Mediasetera jauzi egiteagatik zigortzen du lanbideak. Neska, paperak sinatzea ondoriorik ez duela uste duen pertsona bakarra munduan Cristina infanta da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.