Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Inuzenteegi

2017ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Adinean aurrera goazela izango da, esango luke norbaitek. Gero eta errazago petraltzen garela, alegia, baita gai hutsalek eraginda ere. Gero eta okerrago daramat nik puntualtasunik eza. Eta, oraingoan, ez naiz lagunekin jarritako hitzorduaz edo laneko bileraz ari. Horiek jasan ditzaket, hortzak estuturik, neurri batean. Baina lotsagabekeria telebistako emanaldietara ere iritsi da. Dagoeneko, hainbat katetako arduradunak gai dira emanaldi bat ordu jakin batean programatu, hura ez errespetatu eta minutu batzuetan itxoinarazi, saioaren bizpahiru irudi eman eta, ohar idatzi batekin, zazpi minutuko iragarkien ondoren itzuliko direla iragartzeko. Denbora asko da eguneko emanaldi nagusietako asko beranduegi hasten direla iruditzen zaizula, komeniko litzatekeela prime time-aren ordutegia moldatuko lukeen hausnarketa egitea. Adar jotze hau, baina, gehiegizkoa da.

Hasi orduko, nazkatuta zaude. Imajinatzen duzu ez zarela bakarra. Deigarria da, gainera, atzerapen hori telesail baten estreinaldiari lotuta egotea. Badirudi, telebista kateetako arduradunak ez daudela ikusleak haien eskaintzara gerturatu eta lotzearekin arduratuta. Mezuak gizenduko dituzte gero, errukia edo sortu nahian, haien lana egiteko azkenaldian dauzkaten zailtasunak adieraziz. Praktikan, ordea, ikus-entzuleekiko errespetu gutxi adierazten dute. Umore on samarrez eramaten genituen, garai batean, emanaldien une gorenetan txertatzen zizkiguten iragarkien tarteak. Jasaten genituen, gerora, hasteko minutu erdiz iragarkietara joan eta, mamira itzuli bezain laster, berriro ere halako tarte luzeak txertatzea. Orain, ordea, denak batera egiten dizkigute, bata hasi, bestea jarraitu eta hirugarrena bukatzeko. Emanaldia, horrela, gauerdia ongi gaindituta amaituko da. Eztabaidaren muinean ez dago iragarkien gaia, ezpada ikus-entzuleekiko begirunea eta iragarkiak txertatzeko modua.

Gaurko hau, berez, asteartean Antena3 katean estreinatu zuten El incidente telesailari eskaini nahi nion. Besteak beste, aktoreetako bi donostiarrak direla kontuan izanda, gai egokia izan zitekeen. Aipatu nahi nituzke lehen ataleko irudi ederrak, zalantzazko efektu bereziak eta istorioaren sinesgarritasuna kolokan jartzen zuten hainbat gertakari muturreko. Inuzenteegi sentiarazi ninduten horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.