gorka julio
IRLEN SAREA

Gezur sarea

2018ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Fake news. Betiko gezur edo propaganda mediatikoari izena topatu diotenetik informazioaren egiazkotasunari buruzko zalaparta mediatiko gehiago dago. Adierazpen askatasuna mugatzerainoko tresna bihurtu dira. Beste askotan, hedabideen arteko sinesgarritasun gerra bateko munizio. Aipatuko dugun kasuan, aldiz, prestigioa bilatzen zuen salaketa ekimen bat izatetik hedabide baten sinesgarritasuna kakazterainoko hanka sartzea.

El País egunkariko David Alandetek, Kanpo Harremanetarako Europako Kontseiluko Francisco Borja Lasherasek eta Elcano Institutuko Mira Milosevich-Juaristik, Kataluniako gertakarietan eragiteko, sare sozialetan Errusiaren kanpaina bat salatu zuten. Erresuma Batuko parlamentuan egindako agerraldi lotsagarri batean, beren probak usteak bakarrik zirela argi gelditu ez bazen, orain parlamentu horretako batzorde batek AEBetako aditu batzuei eskatutako txosten batek erabat txikitu ditu beraien argudioak.

Alde batetik, analisia egiteko tresnak gaizki erabili izana salatu dute. Bereziki, Julian Assangeren Twitter kontua aztertzean, kontu horrek edukiko lituzkeen bot edo kontu faltsu kopuruari buruz erabilitako datu okerrak eta eguneratu gabeak azpimarratu dituzte analisian. Bestetik, erabilitako metodologiaren kontra ere egiten dute. Mezu batzuk arrakastaz hedatu izana soilik kontuan harturik, iruzur-kanpaina bat justifikatzeko baliatu dute. Kontuan hartu gabe mezu hori hedatu zutenek zituzten erabiltzaile kopurua, adibidez; Assangeren kasuan izugarri handia da.

Gainera, azterketan argi gelditu da ustezko kanpaina horretan Sputnik eta RT hedabide errusiarrak eta Assangeri berari gehiegizko garrantzia eman nahi dietela. Hedabide eta kontu horiek inguruan sortu zuten eragina puztu egiten dute, eta aldi berean El País-ek berak egindako hedapena gutxietsi —batzuetan zabalagoa izan zen arren—. Hori gutxi balitz, azterketak irailaren 11ren bueltan Kataluniako mugimendu independentistaren aldekoak baino, kontrakoen bot-sare bat topatu eta frogatu du. Kataluniaren aldeko mezuak hedabide gutxi batzuek eta orokorrean norbanako sare zabal batek hedatu zituela dirudien bitartean, kontrakoenak bot-sare batek sustatutako fenomeno bat izan zela dirudi. Analisi argigarria, eta batzuentzat lotsagarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.