Kukuak oker jo dio Asperi

Peña II.a-Albisuk 22-18 irabazi diete Elezkano II.a-Rezustari, eta, garaipen horri esker, Olaizola II.a-Urrutikoetxea sailkatu dira atariko kanporaketa jokatzeko, Aspekoen kaltetan

Jon Ander Peña, pilota jotzear, atzo, Labriten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Apustuak irabazi edo galdu egiten dira. Bada, Aspek galdu egin du binakakoaren lehen ligaxka amaitutakoan bere lau bikoteek lehian jarrai zezaten egindako apustua. Zeukan guztia jarri zuen jokoan hori lortzeko; horrenbeste, ezen tokia kendu zion Iker Irribarriari, buruz buruko txapeldunari, eta toki hori Danel Elezkanori eman, binakakoan txapeldun izanagatik ere txapelketatik kanpo utzi zuenari. Eibarko (Gipuzkoa) enpresaren arabera, Elezkano II.ak eta Beñat Rezustak osatutakoak zirudien bikoterik aproposena atarikorako sailkatzeko. Estatistikek arrazoi ematen zioten: binakakoan elkarrekin jokatutako 35 partidetatik 26 irabazi zituzten. Berme ona zirudien azken partidan Jon Ander Peñari eta Jon Ander Albisuri irabazi eta Aimar Olaizolari eta Mikel Urrutikoetxeari azken egunera arte gauzak estu jartzeko.

Baina usteak erdia ustel. Kukuak oker jo dio Asperi. Peña II.a-Albisuk 22-18 irabazi zieten atzo Elezkano II.a-Rezustari Iruñean, Labriten. Baikokoek, beraz, mesede galanta egin diete Olaizola II.a-Urrutikoetxea enpresakideei, haien garaipenak atariko kanporaketarako sailkapena eman baitie. Beraz, sobera dago Olaizola II.a-Urrutikoetxeak gaur Bilbon Joseba Ezkurdiaren eta Julen Martijaren aurka jokatu behar duten neurketa. Dena dago erabakita: Iñaki Artolak eta Ander Imazek, eta Olaizola II.a-Urrutikoetxeak jokatuko dute atariko kanporaketa bat; eta Jokin Altunak eta Ladis Galarzak, eta Laso-Albisuk bestea. Datorren asteburuan jokatuko dituzte bi lehia horiek. Irabazleek Erik Jaka eta Jose Javier Zabaleta, eta Ezkurdia-Martija dituzte zain finalerdietako ligaxkan.

Olaizola II.a-Urrutikoetxeak asko diote eskertzeko Peña II.a-Albisuri, eta gauza bat guztien gainetik: jokoan ezer gutxi izanagatik ere bete-betean aritu izana. Presiorik ez izanak ere mesede egin zien, suelto aritzeko. Kontrakoa gertatu zitzaien Elezkano II.a-Rezustari: presioak ito zituen. Baikokoen lan bikainak sartu zien presio hori. Estreinakoa izan arren, ikusgarri aritu zen Peña II.a: hamabi tanto egin zituen, eta Elezkano II.ari nagusitu zitzaion. Albisuk ere erakustaldia eman zuen —hiru tanto egin zituen—, eta Rezustari irabazi zion lehia. Hala ere, sufritu egin zuten, 17-11 joan ondoren 19-18ra gerturatu baitziren arerioak. Baina garaipenak ez zien ihes egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.