Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Lehentasunak

2018ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Atlantic City (New Jersey, AEB), 1920-1933. Lege lehorraren garaian girotua. Hain zuzen, alkoholaren produkzioa, inportazioa, esportazioa eta salmenta konstituzio legez debekatua zegoen garaia. Telesailak urte batzuk ditu jada. Zortzi, zehazki. Interesgarria iruditzen zait amerikar gizartea definitu duen historiako une garrantzitsuenetako bat irudikatzeko duen gaitasuna. Non, besteak beste, klase sozialen ezberdintasuna, arrazakeria, genero parekidetasun eza eta, bereziki etorkinen artean, arrakasta lortzeko fantasia nahasten diren.

Terence Winter gidoigile eta telebistako ekoizleak idatzitako Boardwalk Empire: The Birth, High Times, and Corruption of Atlantic City liburuan oinarrituta dago. Izen bereko Boardwalk Empire telesailaz ari naiz. Agian gogoan duzue, orain dela bost urte eman zituen atal batzuk LaSextak. Telesailak ez zuen asko iraun. Sei-zazpi atal eman ondotik kendu egin zuten programaziotik, ikusle datu txarrak zirela eta. Gogoan dut haserretu nintzela. Bai eta berehala pasatu zitzaidala ere, ordutik ez baitut hori amaitzeko ahaleginik egin. Asteon iritsi zait Amazonen erositako sail osoa, 30 euroren truke. Oraindik existitzen da halakoak ikusteko ordaintzeko prest gaudenak. Azken egunak eman ditut ohean, Eskozia gaixotu duen australiar gripeaz, eta konturatu gabe ordu dezente pasatu zaizkit ordenagailu eramangarriaren aurrean telesail horretaz gozatzen; Steve Buscemi aktoreak Atlantic Cityko udalburu mafiosoarena egiten du bertan.

Lehenengo atala Martin Scorsese zinema zuzendariak egin zuen, 18 milioi dolarreko aurrekontuaz. Telesail pilotua historiako garestiena izan zen, eta hiru Urrezko Globo eskuratu zituen. Euskaraz ere egin genezake halako telesail bat. Zergatik ez? Handia filmaren estilora. Lehen karlistadan girotua. Diot nik Eukal Herriaren historiako une garrantzitsuenetako bat izan zela. Gure gizartea markatu zuena. Handia ere izan da euskarazko pelikularik garestiena, ia lau milioi euroko aurrekontuaz —garaiko filma izateko, nahiko merkea—. Ez dezagun garrantzitsuena ahaztu, ordea: ikusiena ere izan da. Baina «ETBk une egokia ikusi du», eta nahiago du Fake News izenburu moloidun saioa estreinatu. Zuzendariaren aburuz, «lehen baino aurrekontu txikiagoa duten saioak» egin behar dituztelako. Fikziorako ez dago dirurik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.