Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Merkeegia

2018ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Barkatuko ote dit probokazio txikia Manias zutabekideak. Atzo irakurri nion urteko ezkontzak zenbateko kostua izan duen: 36,5 milioi eurokoa. Ez pentsa, inbertsio merkea iruditzen zait, izan duen funtzioetako bati erreparatzen hasita. Alegia, ez dela diru gehiegi, munduko monarkiak zilegitzeko publizitate kanpaina izan dela kontuan izanda. Gainera, monarkia britainiarrari ez beste denei doan atera zaie publizitatea.

Kanpaina arrakastatsuak behar dituen osagai guztiak izan zituen larunbatekoak: helburu eta hartzaile argiak, mezu ongi egokitua, hartzaileentzat erakargarri izan daitezkeen amuak, kanal eta komunikazio bide paregabeak eta diseinu nahiz eszenaratze eraginkorra. Eta, nola ez, funtzionatu egin zuen. Ase zituen zaharragoak, ase gazteagoak. Emaitza onak eman dizkie urteetako hauts zaharkitua gainetik kentzen ari den erakunde berrituaren estrategiak. Hitz egin da, asko, protagonisten dotoreziaz eta edertasunaz. Gonbidatuen zerrendan ikusi ditugu ikusi beharrekoak, eta horiek bakarrik. Izar sinpatikoak denak, musikagintzakoak, ikus-entzunezkoetakoak, kiroletakoak. Harrapatu du kamerak printzea printzesari laudorio perfektua eskaintzen, ezpaina hozkatzen zuen bitartean. Gospel doinu, paseo erromantiko eta jendetsu, jantzi aldaketa, sermoi aurrerakoi eta beste. Dena Lady Diren aura maitatu horrek lurrindua. Ezinezkoa zirudiena lortu dute: Galesko printzea —lehendik asko estimatzen ez genuena— eredugarri eta jator azaltzea, munduaren begietara.

Horrek denak, tamalez, munduko beste herrialde batzuetako monarkiak zilegitzen ditu. Inor gutxik egin du zalantza TVEk hitzordua zuzenean eman izanaren inguruan. Bestelako gertakariei zuzenekorik ez eskaintzea eta hala behar duten informazioak zentsuratzea erabaki duen telebista publikoak Anne Igartiburu jarri zuen lanean. Pozez azaldu zen hitzorduaren kontakizuna egiten. Espainian, %30eko ikusle kuota lortu zuen, 2,5 milioi ikus-entzule. Kontrako asko izan arren, datua argia da Erresuma Batuan ere: %64ko ikusle kuota, 17 milioi ikus-entzule.

Izango da denok dauzkagula kontraesanak, denok dugula barruan kontakatilu txiki bat, eta ez dugula jendaurrean onartzen benetan pentsatzen duguna edo ez gaudela uste bezain prestatuta sistema honi aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.