EKOGRAFIAK

Urteko ezkontza (II)

Miren Manias -

2018ko maiatzak 25
Ez diot arrazoi osoa emango Labaieni, ez bainaiz monarkia ezkontzetan aditua. Ez dakit zenbat kostatu behar zukeen Meghan Marklen eta Harry printzearen artekoak. Dakidana da BBC Scotland telebista kate berriaren urteko aurrekontua bera izango dela: 36 milioi euro. Katea errepikapenez josia egongo da, finantzaketa arrazoiak direla eta. Horrekin alderatuta, urteko ezkontza dezente kostatu dela irizten diot nik. Ricky Harriesek beste gauza bat ere aipatu zuen bere txioan, Londreseko Grenfell dorreko sutean etxea galdu zuten lagunen egoera; urte bat beranduago, oraindik beste etxe baten zain daude.

2017ko ekainaren 14an hartu zuen su 24 solairuko dorreak, eta 72 pertsona hil ziren. 600 lagun inguru bizi ziren bertan, 129 apartamentutan. Sutea gertatu zenean barruan zeuden 232 pertsonak ihes egitea lortu zuten, eraikinaren eskailera bakarretik jaitsiz; beste herrialde askotan ez bezala, Erresuma Batuko legediak ez du bigarrenik agintzen. 2012an, eraikina berritzeko lanen esleipen prozesuan, irregulartasun ugari salatu ziren. Iturri batzuen arabera, hasierako enpresa eraikitzaileak (Leadbitter) eraberritze aurrekontua baino 1,8 milioi euro gehiagoko plana aurkeztu zuen; 13,3koa, hain zuzen. Ondorioz, beste enpresa bati (Rydon) egokitu zioten lana; 2,5 milioi merkeagoa eta suteen kontrako kalitate txarragoko estaldurarekin. Datuak ematen hasita, badago beste garrantzitsu bat hemen: Theresa Mayren gobernuak 269 milioi euroko ekitaldi erreserba zuen, eta horretatik 26,3 milioi geratu ziren gastatu gabe. Ezbeharraren kalteak honela kudeatu ditu Londresek: 2017ko ekainaren 16an, 5,7 milioi euro bideratu zituen bizirik irtendakoak laguntzeko; bi egun beranduago, ekainaren 18an, 6.300 euro erantsi zituen etxerik gabeko bakoitzarentzat; azkenik, 1,7 milioi biktimen osasun mentaleko arazoak laguntzeko. Guztira, 10,7 milioi euro inguru.

Egia da zutabekideak atzokoan zioena: urteko ezkontza munduko monarkiak zilegitzeko eta indartzeko balio duen publizitate kanpaina perfektua izan zen; gainerako errege etxeei doan atera zaiela ere egia da. Beraz, ez diot probokaziorik barkatu behar Labaieni. Probokazioa iruditzen zaidana da erabiltzea herritar guztienak diren telebista publikoak ezkontzari (zuzeneko) lekua emateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna