EKOGRAFIAK

Arrieta, Simon eta Irazabal

Miren Manias -

2018ko maiatzak 11
Hainbat ziren gaurko zutabean landu ahal nituzkeen gaiak. Bolo-bolo telebistan agertutakoak, alegia. Esaterako, Mariano Rajoyk Espainiako Kongresuan erabilitako aprobetxategi hitza —Euskaltzaindiak adierazita, euskarazko jatorria duena—; sare sozialak astindu zituen asteazken iluntzean, Twitterreko trending topic izan arte. Toki berean zeresana eman duten beste adierazpen batzuek ere aipa nitzakeen; Cristobal Montoro Espainiako Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroak saio berean esandakoak, hain zuzen: «TVE adierazpen askatasuneko eremu batean dago; agian, ez zaizue albistegiren bat gustatuko, baina katea aldatzeko aukera dugu. Horretan datza askatasuna». Aldi berean, RTVEn, Arantxa Torres Valentziako albistegiko editoreak dimisioa eman zuen zentsura kasu bategatik. Egia esan, harrituta nago. Batetik, ez dakit non edo zein errealitatetan bizi den Montoro; RTVEko zentsura eta manipulazio jokaerak ezin konta ahala baitira. Eta bestetik, baliteke Rajoy Euskal Herrian uste baino denbora gehiago pasatzen aritzea —auskalo zertarako—. Nolanahi ere, emakume profesionalei buruz hitz egin nahi dut gaurkoan.

Garai konplikatuak bizi dituzte kazetariek haien lana modu librean egiteko. Sarean eskuragarri daude hori erakusten duten Europar Kontseiluko txostenak. Jada, Europa ere ez da toki segurua kazetaritza egiteko. Horregatik, miresten ditudan hiru euskal kazetari aipatu nahi ditut: Olatz Arrieta, Olatz Simon eta Ane Irazabal. Hirurak ere bikainak.

Arrietari Kazetaritzako X. EuroBasque saria eman diote, Aleka bildumako liburu batean egindako artikulu bategatik. «Gaur egun, beldurra dago edukiak luze emateko; albisteak ulertzeko testuingurua behar da», esan du. Gogoan dut unibertsitatera joan aurretik, Arrieta eredu nuela ETBko emakumezko kazetarien artean. Ondotik, ikasketak egin bitartean, Simonen analisiak jarraitzen nituen dezente. Eta, gaur egun, Irazabalen testuinguruak ikus-entzutea gustatzen zait.

Beldurra atzean utzi eta aurrera egiteko kemena erakutsi duten kazetariak direlako miretsi beharko genituzke Arrieta, Simon eta Irazabal. Ez horregatik bakarrik, emakumeak direlako ere bai. Ofizio horretan, beste askotan gertatzen den bezala, haien lanagatik errekonozimendua jasotzea ez baita erraza. Biba zuek!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna