Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Boikota

2018ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Erraz esaten da. Zazpi milioi ikusle baino gehiago izan zituen, Espainiako Estatuan, larunbateko Eurovision jaialdiko emankizunak. Jende askori eragiten dio auzo lotsa, barregura, morboa, haserrea edo dena delakoa. Baina bada, jakizu zergatik, jende askorentzat zentzurik eta motibazio sendorik izan ez arren, agendara iritsi zen eta bertatik nekez alde egingo duen hitzordua. Nola maila pertsonalean, ikus-entzuleentzat, hala Madrilgo bulegoren batean haren sustatzaile aritzen den arduradunentzat. Ordezkari diren kantariek beraiek urkamendira bidali duten haren aldartea erakusten dute batzuetan. Haien ibilbidea goratuko duen tranpolina dela iradokitzen dute, besteetan.

Azkenean, beharrezko bada, erabaki politiko eta ekonomikoek ematen diote saria irabazleari, dirudienez. Kaskoan ilea bakandu eta urdindu ahala, kasualitateetan gero eta gutxiago sinesten dut nik. Nik ere. Eta, aste honetan, nekez sinetsiko ditut irabazlearen gaitasun eta ontasun artistiko eta musikalak ahotan hartzen dituztenak. Komeniko zen Israel garaile bat, laudatu bat, arrakastatsu bat, Europaren aurrean. Izango zuen norbaitek enbaxadaren inaugurazioak sortu zezakeen kontrako mugimenduaren eta horren aurrean bere gobernuak erantzuteko hartua zuen erabakiaren berri. Egingo zituen telefono dei batzuk, eskaini hau eta hori, lortu babesak eta, nola ez, azkenerako, Israel, twelve points.

Larunbat gauean, Netta kantari. Astelehenean, balak txistuka eta anbulantzien sirenak dantzan. Asteartean, dolu negarrak. Eta, ohartzerako, irabazleak hurrengo edizioa antolatzeko zeregina duenez, lehen ministro israeldarrak egur pixka bat su garretara: baliteke jaialdia Jerusalem hirian izatea. Eraginkorrak dira probokazio mailan ere. Gustatu egin zait, horren aurrean, Dublingo alkateak egin duen proposamena: Palestinari babesa emateko, 2019ko jaialdiari boikota egin eta Irlandak ordezkaritzarik ez bidaltzea. Nik bi jarriko ditut aukeran. Telebistan emateko eskubidea duen kateak ez dezala eman. Eta, ematen badu, ez dezagula inork ikusi. Uste dut, ez dela hiruretatik bakarra beteko. Ahaztu egiten zaizkigulako horrelakoak denborarekin. Eta kendu egiten diogulako geure buruari, telebista tresna gisa erabiliz, eragiteko daukagun gaitasuna. Garaipen bat haientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.