Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Superheroiak

2017ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Konturatu gabe joaten zaizkit egunak. Goiz jaiki arren, maizegi iristen naiz etxera agendan markatutakoak amaitu gabe. Askotan tokatzen zait mezu elektronikorik erantzutea edo testu digitalik irakurtzea afaldu ostean. Normala iruditzen zait hori gertatzea, egunero ez bainago umore edo animo berean. Ordea, ez dut sentsazioa orain hamabost urte denbora hain azkar joaten zitzaidanik. Eskola orduetatik at, gimnastika artistikoa, ingeleseko eskolak eta saskibaloian jolasten nuen. Ohikoena. Bueno, nahiko kateatuta ere banengoen ostegun gauetan ematen zuten Antena3eko telesail bati. Banituen, nolabait, astegunak programatuak. Alegia, hortik kanpoko gauzetarako arreta tarte gutxirekin. Egun, zaila egiten zait ulertzea nola moldatzen ziren gure aita eta ama hiru alabak zaintzeko. Superheroiak, nonbait. Etxetik kanpo lan egiten baitzuten, eta niri eguneko 24 orduek ez lidakete hainbesterako emanen.

Internet sakon sartu da gure bizitzan. Europarren %82k (UIT) du Internet etxean —eta gailu berriekin konektatuta pasatzen dugun denbora handituz doa—. Hala ere, ez pentsa fenomeno horrek ekarri duenik gailu zaharragoen alboratzea. Handitu egin baita horien guztien erabilpen orduen kopurua. 2014ko datuen arabera (Zenith Optimedia), hedabideen batez besteko kontsumoa ia zortzi ordukoa da egunean Europako mendebaldean —AEBetan, hamar ordu baino gehiago, 2016an (Nielsen)—. Telebistak hartzen du kontsumo horren zati handiena: %46. Aldi berean, telefono eramangarrien merkatua izugarri hedatu da; gailuarekin Internetera konektatuta pasatzen dugun denbora eta egiten ditugun jarduera kopuruarekin batera. Izatez, iazko lehen lauhilekoan ikusitako bideoen %48 sakelako telefonoan egin ziren (Ooyala. Global Video Index Q4); 2014ko epe berean baino %129 gehiago—2015ean baino %14 gehiago—. Bideo laburrak izaten dira horiek, hamar minutu baino gutxiagokoak. Erabiltzaile gazteak —16-24 urte— dira telebista tradizionala gutxien begiratzen dutenak (Ofcom, 2016). Hori gertatzeko arrazoien artean, sakelako telefonoari itsatsita egotea eta ordainpeko edukien kostu ekonomiko altua azpimarratzen dute 18-34 adinekoek. Tarte horretan sartzen naiz ni, eta telefono eramangarri bat daramat aldamenean. Egun osoan. Superheroia ote?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.