Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Doktrinamendu telebisiboa

2018ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Tira egin nahi diot herenegun Andoni Egañak BERRIAn esandakoari. Alegia, orain bost urte, oso oker zebilela haren ezagunen laguna euskara hildako hizkuntza zela pentsatuta. Tira egin nahi diot, baita ere, Jokin Labaienen astearteko Ekografiak zutabeari; non esaten zuen telebistak gugan eragiteko indar ikaragarria duela oraindik. Tira egin nahi diot, azkenik, Joan Mari Torrealdaik idatzitako azken liburuari: «Estatuaren politika justifikatu dutenen adierazpenak jaso ditut, hizkuntza hegemonikoa goraipatu dutenak eta hizkuntza desplazatua gutxietsi dutenak». Labaienek, Torrealdaik eta Egañak plazaratutako ideiak oso lotuak baitaude. Hain zuzen, telebista, doktrinamendu politikoa eta gizartearen ideologia.

Paul Julian Smithen azken liburua amaitzekotan nago: Spanish lessons. Cinema and Television in Contemporary Spain. City University of New Yorkeko irakasleak errepasoa egiten dio Espainiako telebista eta zinema produkzioari, 2000tik gaur egun arte. Tartean, hainbat telesail eta film aztertu ditu. Oker ez banago, hilabete batzuk besterik ez zituen eman Espainian, baina nahikoa izan zituen ohartzeko iraganari oso lotua dagoen herrialdea dela. Eta Egañak aipatzen zuen sator lana, neurri handi batean, ikus-entzunezko esparruan eman dela azaleratzeko.

Smithek dio Francoren diktadura garaian girotutako telesailen produkzio propioa handia dela. Bereziki, telebista publikoan, TVEn. Cuéntame como paso (2001) oraindik ere emisioan dago. Horren adibidea da; frankismoan, trantsizioan eta demokrazian oinarritutako hemeretzi denboraldiko telesaila. Beste adibide bat 23 F: El día más difícil del Rey (2009) bi ataleko telefilma da —lana urtean behin baino gehiagotan ematen dute—. Azkenik, Cine de Barrio (1995) telebista saioa aipatu du; 50eko, 60ko eta 70eko hamarkadetako Espainiako filmak aztertzen dituen programa, eta oraindik emisioan dagoena. Telebista pribatuen telesailei ere egiten die erreferentzia liburuak. Autorearen ustez, diktadura garaia landu ez arren, gizarte patriarkala, sexista eta erlijioari lotua erakutsi ohi dute: Pelotas (2009), Doctor Mateo (2009) eta Aguila Roja (2009).

Oso erraz azaltzen diet eskoziarrei zergatik Altsasuko gazteen bidegabekeria, Kataluniako auzia edota Espainiako mozal legea oraindik posible diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.