EKOGRAFIAK

GUK galesez, zuk zergatik ez

Miren Manias -

2018ko maiatzak 16
Turkiatik alde egin zuen, heriotza mehatxuetatik libre egoteko. Bost urte baino gehiago eman ditu Galesen, 2013tik, eta bertan bizi da senarrarekin. Jatorriz, Ipar Osetiakoa da Pinar Ogun aktorea, eta 33 urte ditu. Antzerkia zuen ofizio Turkian, haren obra batek hautsak harrotu zituen arte. Gobernuaren aldeko hainbat hedabidek zabaldu zuten errepresioaren aurkako erreboltak bultzatzen zituela lanak. Egun, lehen emakumezko aktore turkiarra da Galesko S4C telebistan lanean.

Xede publikoa du S4C telebistak, erakundearen finantzaketaren zati bat pribatua bada ere. Erresuma Batuko kanal pribatu zaharretan bosgarrena da, eta programazio osoa galesez emititzen du 2010etik. Un Bore Mercher telesailean parte hartzen du Ogunek, BBC One kateko Keeping Faith ingelesezko bertsioan. Imajina dezakezuenez, emakumezko aktore turkiarrak galesa ikasi du; adierazi duenez, hizkuntzak lagundu dio Galesen herritartzen. «Galesez hitz egiteak balio dit testuinguru berrian arraro ez sentitzeko; izatez, ingelesak markatu ohi du nire atzerritartasuna». 10 urte zituenean ikasi zuen ingelesa, baina ez zuen egunerokotasunean erabili Londresera iritsi zen arte aktore ikasketak egiteko, 2006an. Ogunek dio nazioartean komunikatzeko erabiltzen duen hizkuntza dela ingelesa; aldi berean, ezezagun sentiarazten dio. Horregatik, galesarekin beste harreman bat duela aitortu du: «Gustuko dut hizkuntza ikastea eta praktikan jartzea ahalik eta gehien; ingelesa nire nortasunaren zati da hizkuntza horretan adierazten naizelako, baina galesa ere badago hemen, eta hori ere nire bizitzaren zati da». Hizkuntzaren garrantziaz konturatu zen Cardiff-eko (Gales) lagunek familiako beste kide bat bezala hartu zutenean. Arreta eman zion bertakoentzat duen balioa haien hizkuntza eta kultura babesteak. Horrek piztu zion galesa ikasteko nahia. «Lagunekin eztabaidatzeko gaitasuna dut; areago, gustuko dudan lana egiteko aukera», azaldu du.

Bidea ez da arrosa kolorekoa izan. Ogunek dio denbora asko behar dela hizkuntza berria ikasteko eta oraindik ez dela gai guztia ulertzeko. Batzuetan, «haur bat» bezala sentitzen da, baina ingurukoen babesak eta motibazioak akatsak egiteko beldurra murrizten diote. Agian, eskoziar gaelikoa ikasten hasiko naiz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna