Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Hainbeste kostatzen da?

2018ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Eskerrik asko etortzeagatik. Zuk badakizu, gure giro honekin, ez dakigula gure programaren iraupena zenbatekoa izango den. Edukiko dugun tartetxoa ala ez...». Ilaski Serranoren hitzak dira horiek, ETB1eko Ahoz aho saioan esandakoak. Zehazki, asteazkenean; Miren Gaztañaga aktorea platoan agurtzean azpimarratutakoak. Hemezortzi minutuko elkarrizketa izan zen; ez dakit esaten hori asko ala gutxi den, egun telebistako denbora garesti saltzen baita. Zer esanik ez kultura edukiak prime time ordutegian programatzeko, hor duzue EiTB Kultura Transit. Hobe, beraz, hortaz ahaztea? Izugarri gozatu nuen solasaldia. Bi emakume. Sofan jazarrita. Aurrez aurre. Aktore lanaz, gonbidatuaren lan berriaz eta egindako ibilbideaz hitz egiten —biluzteaz, eraldatzeaz, publikoaren eragin-trukeaz, taula gaineko emakumezkoa izateaz...—. Nire iritziz, Serranok eta Gaztañagak oso gustura jardun zuten. Elkarrizketak bazuen gidoi bat, alegia, aurrez zehaztutako galdetegia. Gaztañagak, ziurrenez, aurretik jaso eta irakurri zuena. Horrek asko errazten ditu gauzak, jakina; baina, Ilaskik badu gaitasun berezia gonbidatuak zein kolaboratzaileak eroso sentiarazteko. Telebistan eskarmentu handia du, eta, neurri handi batean, horren isla ere bada abilezia hori. Ura gabe tea behar zuten aldameneko mahaiaren gainean. Oraindik egin ez baduzue, ikus ezazue; nahi duzuenean, nahi duzuen lekuan eta nahi duzuen erara. EITB Nahieran-en dago.

2019ko otsaila da BBC Scotlanden kate berria abiarazteko zehaztu duten data. Eremu bererako emisioak emango dituen telebista publikoaren bigarrena. Ofcom telebista-irrati erregulatzaileak behin-behineko baimena eman dio eta, guztira, 36,6 milioi euroko aurrekontua izango du —EITBk baino ia 100 milioi gutxiago—. BBC Scotlandeko zuzendari Donalda MacKinnonek dioenez, «Eskoziako errealitatea islatzen duten programa berriak izango dira, fikzioa eta komedia tartean». Hori bai, «programazioaren %50 inguru errepikapenez osatuko da». Usain txarra du kontuak, zintzoak izan gaitezen. Glasgowk arte garaikideko zentro zoragarria du —Centre for Contemporary Arts (CCA)—; egunero, bertako eta kanpoko zinemagile, idazle, dantzari, musikari eta artista ugari biltzen dituena. Datu bat: Ahoz aho-k 5.700 euroko kostua du —125 minutu—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.