Literatura

Transmititzen den indarkeria

Vietnamgo gerrak eragindako traumek hurrengo belaunaldietan utzi duten arrastoa bistaratzen du Ocean Vuong idazlearen 'On Earth We're Briefly Gorgeous' eleberriak.

Ocean Vuong idazlea da On Earth We're Briefly Gorgeous liburuaren egilea. BERRIA.
2019ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Vietnamgo landako tradizio baten arabera, ezdeusa den zerbaiten izena jarri behar zaio familiako umerik ahulenari, espiritu maltzurrak etxera gerturatzekotan haurra beraiekin eramateko tentaldirik izan ez dezaten. Hortik Ocean Vuongen (Ho Txi Minh hiria, Vietnam, 1988) On Earth We're Briefly Gorgeous (2019, Une labur batez ederrak gara lurrean) nobelako narratzaileak Txakur Txiki izena izatea. Hartforden (AEB) bizi da bera, gerrak traumatizaturiko amarekin eta eskizofrenia gaitza duen amamarekin. Bere esperientzia guztiak amarekin duen harreman gatazkatsuak baldintzatuta daude, eta, horregatik, liburua hari zuzenduriko gutun luze bat da. Paradoxikoki, amak ez du gutunaren edukia deszifratzerik izango, irakurtzen ez dakielako. Sei urte zituela, hegazkin amerikar batek jaurtikitako bonba batek herriko eskola birrindu zuen, eta tokiko umeek hezkuntza bat jasotzeko aukera behin betiko desagerrarazi.

Gerra ezagutu ez zuen arren—bera jaio zenerako, hamarkada batzuk ziren amaitu zela—, amaren jokabide alderraiaren bitartez umetan ulertzeko gai ez zen traumaren aztarnak antzeman ditzake orain narratzaileak. Batzuetan, ezusteko galderetan azaltzen ziren iraganeko bizipen gogorrei—ukaturiko bizimodu akaso zoriontsu bati— egindako keinuak. Egun batean, supermerkatura joan eta margotzeko liburuak erosteko premia sortu zitzaion amari, garai batean bere obsesio bihurtu baitzen orriak konpultsiboki koloreztatzea. Etxera bueltan, Txakur Txikiri galdetu zion ea inoiz irudikatu zuen bere burua berak sorturiko eszena baten barruan. «Nola azaldu niezazuke deskribatzen ari zinen hori idazketa dela?», dio narratzaileak amak gutxitan agerturiko poztasun uneen gainean hausnarrean. Gehienetan, ordea, bere kontra zuzenduriko indarkerian —esaterako, Lego kutxa bat burura bota eta odoletan utzi ondoren, McDonald's-era eraman zueneko hartan— sumatzen du amak berak jasan zuen indarkeriaren oihartzuna.

Maitasuna eta indarkeria

On Earth We're Briefly Gorgeous ez da ari gerrako biktimek gerraren ondorioz beren ondorengoei transmitituriko indarkeriaz bakarrik. Txakur Txikik jasaten duen abusu fisikoaren oinarrian, onartzen ez dituen herrialde batean errefuxiatu izatearen frustrazioa ere badago. Arratsalde batean, Vietnamen arras arrunta den salda bat egiteko beharrezkoa zitzaien idi buztana erostera lagundu zituen narratzaileak ama eta amama. Haietako batek ere ez zekien nola esaten den idi buztana ingelesez, ordea. Ama lehenik eta amama ondoren, marruka behiarena egiten hasi ziren barrez lehertzen zeuden dendako harakinen aurrean. Umiliatuta, saldaren egitasmoa bertan behera utzi zuen amak. Gau hartan, ogia eta gurina zelakoan erositako maionesa izan zituzten afaltzeko. «Gau hartan, neure buruari zin egin nion ez nintzela berriz hitz faltan egongo zure alde hitz egin behar nuenean», erabaki zuen narratzaileak. Urte batzuk geroago, Txakur Txikik amak lan egiten zuen lantegiko arduradunari deitu zion amari lan orduak murriztu ziezazkion, nekeak jota lo geratzen baitzen bainuontzian, baita lortu ere. Bestelako deiak ere egingo zituen, hala nola Victoria Secret's lentzeria dendara amarentzat bularretakoak erosteko, amaren itzultzaile eta bitartekari bihurtuta.

Amak ez zuen beti jakin Txakur Txikiren asmo onak eta sentiberatasuna estimatzen. Behin, eskolan ume zuriek burla egiten ziotela aitortu ostean, zaplazteko batzuk eman zizkion, eta hurrengoan bere burua defendatzeko bere «sabel-bete ingelesa» erabiltzen hasiko zela zin eginarazi zion. Egunero esnea edatera ere behartu zuen, handi eta indartsu egin zedin, amerikar ilehoriak bezala.

Hamalau urterekin landetxe batean tabakoa biltzen lan egiten zebilela, nagusiaren bilobak, Trevorrek, berarekiko interesa agertzen zuela-eta, harritu egin zen Txakur Txiki; amak irakatsia zion bere burua babesteko modurik onena ikusezin bihurtzea zela. Bizikletarekin istripu bat izan zuenetik analgesikoekiko menpekotasuna zeukan Trevorrek, eta bestelako drogak ere hartzen zituen. Txakur Txiki bere sexu apetak asetzeko erabiltzen zuen, eta narratzaileak men egiten zion. «Indarkeria jadanik ohikoa zen niretzat; maitasunari buruz nekien guztia zen». Orain, behintzat, «berak hala erabakita izorra zezaketen».

Ikasketekin aurrera jarraitzeko helburuarekin New Yorkerako bidea hartuko duenean, eten egingo du Txakur Txikik amarengandik zein Trevorrengandik jasotako indarkeria. Hura justifikatzera heldu gabe, amaren jarrera hobeto ulertzen hasiko da: min egin behar zion,herrialde berrian iraun zezan. «Agian eskua zure haurraren kontra altxatzea hura gerrarako prestatzen laguntzea da», ondorioztatzen du narratzaileak. Akaso berak ere, beste aukerarik ezean eta etorkinen seme-alabek bizitzan zerbait lortzeko presioak bultzatuta, jokabide bera agertuko zuen amarekiko.

Gauza bat argi dauka narratzaileak: bere istorioa ez da ezohikoa. Aitzitik, arras arrunta da jaioterria uztera behartutakoen artean. Errefuxiatuen kopurua inoizko kopururik altuenera iritsi da aurten: 68milioi pertsona, munduko populazioaren %1, indarrez lekuz aldatzera behartu dute. Nobelaren amaieran, narratzailea baikor ageri da; urrun ez dagoen etorkizun batean etorkinen seme-alabek segurtasuna eta erosotasuna gozatzeko aukera izango dutela amesten du. Berak, errefuxiatuen semeak, horretara bideratzen ditu bere indarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.