gorka julio
IRLEN SAREA

DesKonexioan pentsatzen

2015eko irailaren 12a
00:00
Entzun
Erosketak auzoan egitea auzoaren, herriraren eta tokiko garapenaren mesedetan dela irizten dugu askotan. Ez du zertan horrela izan behar, erosten diogunaren arabera izango baita hori. Baina senak behintzat hori esaten digu. Aldiz, gure datuak zeinen esku utzi eta zein sareetara iristen diren ez diogu erreparatzen. Orain Kataluniaren indenpendentziak erakutsiko digu zein garrantzitsuak izan daitezkeen.

Katalunia —Europa mailako komunikazioekin lotura zuzena dauka— nodo garrantzitsu bat da sare global horretan. Espainiak Kataluniaren hainbat konexio deskonektatzeko modua izan arren, oraindik ere azpiegitura asko ditu Kataluniak. Hala ere, azpiegitura horietako asko Espainiako entitate pribatuen eskuetan daude. Ez dut uste balizko Kataluniako independiente batean enpresa horiek herrialde berria utzi nahiko luketenik, baina Espainiaren legediarenpean geldi daitezke, behintzat hasieran.

Azpiegiturak oinarrizko bihurtu direla ezin da ukatu. Horregatik, erabaki garrantzitsuak hartzeko garaia iritsi da. Erosketak egin edo espropiazioak burutu beharko dituzte, baina batez ere sare berriak ere eraiki beharko dituzte. Hasiak dira jada.

Herri ekimena ez dago geldi. Aspaldi hasi zen Guifi.net sare libre eta neutrala garatzen. Telekomunikazio zerbitzuak ematen dituen SomConexio kooperatiba ere martxan da. Bien arteko sinergiak ere lantzen hasiak dira.

Eta gu zer? Ezer gutxi dakit nik. Euskaltelen diru publiko izugarriak xahutu ziren. Orain saldu egin dute, eta azpiegitura propio baten esperantzak desagertu dira. Zein dira gure aukerak?

Konexio gabe ez gara geldituko, baina konexio horiek nork, zeinek eta zeren truke emango digun ez dakigu. Edozein burujabetasunari dagokion diskurtsotik begiratuta, akats larria da.

Baliabide batzuk baditugu: herri batzuetako zuntz bidezko sareak, i2Basque sarea edota unibertsitate mailako azpiegiturak. Errepide nagusien azpitik zuntz optikoa ere badugu, erabilera oso eskasa ematen bazaio ere.

Ez dira gauza gutxi, baina ez dira nahikoak. Horiek guztiak %100 martxan jarrita ere, egoera zailan ginateke. Herri ekimenetik jaiotako ekimenak eta tokiko garapenean sinisten duten proiektu berriak beharko dira, baliabideak elkar lotzen lagunduko duen estrategia batekin batera. Norbait al dabil desKonexioan pentsatzen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.