gorka julio
IRLEN SAREA

Metaforak

2017ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Hodeietan al gaude edo hodeietara eraman nahi gaituzte? Hodeia Interneten metafora bat bada, beraz egunerokoa, ia behar bat, zergatik bihurtzen dugu etereo, ukiezin, fenomeno atmosferiko, edo jainkoak bizi diren toki mitiko baten ideiarekin lotzen?

Galdera horiek guztiak egin zizkigun eta egin genizkion elkarri Errenterian (Gipuzkoa) egin zen Teknologia soziala lantzeko jardunaldietan, Ines Bebearen eskutik. Hodeia, gure kaleetan eta itsasoan zehar doazen kableak dira gehienbat, baita antena eta sateliteak, baina sare gehiena gure hanken azpitik igarotzen den kable labirinto bat da. Zer zentzu dauka orduan, lur edo ur azpian zabaltzen denari kontrako atributuak ematea?

Denok begi aurrean duguna erakusteko metafora bikain hau bizi dugun errealitate-fikzioaren beste adibide bat besterik ez da; arbitrarioa, baina denok onartua. Errealitatea ikustarazten digutenean, aldiz, horretaz jabetzeko aukera dugu, eta gauzak aldatzen hasteko parada dator ondoren.

Kasu honetan, Interneten gaian bereziki, burujabetzaren terminoa agertu zen. Horri lotuta, kolektiboa, partekatua, kooperatiboa... bezalako hitzez inguraturik. Beraz, badirudi hodeietan egon beharrean, badagoela burujabetza teknologikotik bide bat lanketarako.

Kataluniak erakutsi digu, hodei hori, hau da, Internet mugatu daitekeela, ez guztiz, baina bai ondorio larriekin. Aldiz, burujabetza teknologikoaren bidez, sare propioak sortuz, egon daiteke biderik hori zailtzeko, edo beste bide batzuetatik bideratzeko; zentsura saihesteko bideen sozializazioak erakutsi bezala.

Jabetu eta ezagutu ondoren, azken pausoa ertortzen da:nola eta zer egin dezakegun ebatzi. Azkenaurreko bi zutabeak horixe izan dira. Oraingoan, sare libre eta neutralek hartu dezaketen garrantzia azpimarratu nahi dut.

Ziur nago erreferendumean ohiko telekomunikazio hornitzaileetatik kanpo sortutako sare libre eta neutralen papera berebizikoa izango dela bihar. Sare horiek berez interes pribatu, komunitario, publiko edota pertsonaletatik eraiki dituzte, baina berezitasun batekin: bilatzen dutena interes propioetatik harago doa; interes komun bat ere badute. Bide bat irekitzen dute, komunean eraikitzen den egiteko beste era bat, Katalunian ikusten ari garenaren metafora dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.