gorka julio
IRLEN SAREA

3Dimena da 2Dea

2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Estadioa beteta dago, jendea orroka ari da, pantaila handietan azken jokaldiaren errepikapena ikusten da. Taldea altxa egiten da eta elkar besarkatzen dute, txalo zaparraden artean. Amaitu da lehiaketa, milioika pertsonek jarraitu dute etxetik, eta milaka estadiotik. Ez naiz futbolaz ari, bideo-joko txapelketa berriei buruz baizik.

LoL, Dota 2, Fortnite... siglek ezer gutxi esango dizute, baina modako bideo-jokoak dira. Jokalari anitzek, taldeka edo banaka, beste norbanako edo taldeen kontra sarearen bidez jokatzen diren jokoak dira. Gehienak ordenagailu bidez, baina sakelakoarekin jolasteko aukera ematen dutenak ere badira.

Fenomenoa zaharra da, aurrekariak Counter Strike eta Word of Warcraft jokoek ezarri zituzten, baina orain eliteko kirolek jasotzen duten arreta jasotzen dute. Ligak antolatzen dira eta zenbait jokalarik maila profesionalean jokatzen dute —soldata izugarriekin gutxi batzuk—.

Telekomunikazio konpainia batzuk buru-belarri sartu dira horretan. Sustatutako fenomeno bat dirudi. Hala ere, harrigarria da http://www.espn.com/esports/ bezalako atarietan NBAren edofutbolaren ondoan, orain liga horiek topatzea.

Twitch. Jokaldiak zuzenean saretik streaming bidez botatzeko balio duen zerbitzua famatua den mundu paralelo batean bizi gara. YouTuben ere, milaka dira bideo-joko partidak ikusi eta komentatzen dituzten youtuberrak. Orokorrean, jende askorentzat oharkabean pasatzen den arren, mundu oso bat dago hor, gure ondoan, ikusi nahi ez badugu ere.

Fenomenoa ez da urrutikoa, jendartean eragin zabala izaten ari da. Kasu ezagunena Fortnite bideo-joko pertsonaien dantza zoroen hedapena da. Bideo-joko horretan, jokalariek, ospakizun dantza zoroak egiteko aukera dute. Bada, horietako batzuk nerabeen artean famatu egin dira eta imitatzen dituzte. Futbol jokalariek ere, egin izan dituzte horrelakoak golak ospatzeko garaian. Zoritxarrez, fenomeno berria izanik ere, kirol gehienetan gerta bezala, oso maskulinizatua dago. Fenomenoak badu garrantzia; euskal komunitateak bere erara, interpretatzeko garaia ere bada. Garrantzitsua da horregatik gaur egingo den Jokoteknia, euskal bideo-jokozale eta garatzaileen biltzarra. Honetan ere, 3imena da 2Dea euskaldunontzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.