EKOGRAFIAK

Argazkian ateratzea

Leire Palacios -

2014ko irailak 3
Goizetako diva espainolen hirutasun femeninoak telebista denboraldi berriari hasiera eman behar zion egunean, bosgarren katean ikusi genuena ez zen Joaquin Reyes eta enparauen esketxa izan. Tamalez. «Bi hilabetez bonbardatuak izan ostean, palestinarrei gogorrena pasatzea falta zitzaien; Ana Rosaren bisita», Twitterren irakurri nuen eta pareko hamaika txio bota zituzten ikusleek. Zenbaitetan umore beltza mingarriegia suerta daitekeela ez da dudarik, baina tankera honetako ziztadek agerian uzten dute programako lantaldeak ikusleei oparitu zien estanpa irrigarria, zenitera heldu zena, borobilean jarri eta bonbek sarraskitutako eraikinen hondakinetan tertulia egin zutenean. Bortitzak izan arren, pozten naute komentariook, esan nahi baitute, gogor saiatzen diren arren, informatuta edo entretenituta egotearen arteko muga bereizteko ahalmenik ez dugula galdu oraindik.

Gatazken espektakularizazioa ez da kontu berria inondik inora, are gehiago, interes geopolitikoen arabera ohikoena da, botere borroken mediatizazioak inplizituki iritzia sortzea dakarrelako, eta beharko genukeena baino sarriago ahazten badugu ere, agintariak ez ditu deskuiduan harrapatzen, balantza alde batera edo bestera erortzen uzteko benetako boterea herritarrona dela. Farandularen izenean, honi guztiari beste buelta bat eman dio Mediaseteko kateak; egiazkotzat saldu diguten gerra pasarterik telebista platoan grabatu ote den zalantzan jarri da noizbait, Ana Rosa Quintanak gerra bat telebistako plato bihurtu duela errealitate bat da, ordea.

Ildo honetan, 35 urtez berriemaile izan den Rosa Maria Calafek sarri askotan salatu du kazetaritzaren gaur egungo joera, esanez zerbitzu publiko bezala balioa galdu duen etikarik gabeko negozio hutsala bihurtu dela. Mikrofonoa eskuan hartuta munduan zehar ibili denak sutsuki kritikatzen du kazetaritza artaldea entretenitzeko tresna bilakatu nahi izatea, eta bere ustez, norabide hori kazetariaren irudiari ematen zaion garrantzian errotzen da, alegia, kontatzen duen pertsonari esaten duenari baino garrantzi handiagoa ematen zaiola dio.

Adosago ezin naiteke egon. Nazioarteko kazetaritza hizpide zuen eztabaida batean erantzun zidaten bezala, «gauza bat da kazetaria izatea, eta beste bat argazkian atera nahi izatea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna