Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Armak

2016ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Saiatu naiz baina ez dut lortu. Zer nahi duzue esatea? Nik grazia hori ez daukat», zihoen Aitziber Garmendiak aurreko ostegunean. Modeloak bezala pasarelan bueltaka alde batetik bestera ibiltzen ikasi nahi zuen, bere ustez graziarik gabe. Haatik, zintzoki, Garmendiak zerbait badu da kamera aurrean edozein erregistrotan aritzeko grazia. Batek daki zergatik telebistan daramatzan urte luze horietan, oraintsu hasi den nabarmen egiten. Azkenaldian nabarmenagoa esan nahi dut. Ziur aski Zuek hor saioak zuen gauzarik onenetarikoa zelako. Garmendia ez da egun bateko lorea, esfortzuak ureztatutako lanetik loratu den harribitxia baizik. Honez gero, ezin ezkutatu pozarren naizela Nagore Aranburu, Ainere Tolosa edota Iñake Irastortzarekin batera —eta beste hainbat— osatzen duten umoregileen taldea osasuntsu dagoelako. Are gehiago, taldeak ez dezala hazteari utzi!

Hainbatetan talaia honetatik errepikatu dugun «umorea oso kontu serioa da» horren esentzia biltzen du Garmendiak. Hiru saio eman dituzte —asteon dator laugarrena— eta ur handitan murgiltzeko arazorik ez dute izan. Tira, badakigu telebista telebista dela, eta zer mugen barruan jokatzen ari diren. Edota zer mugen kontra borrokatzen ari garen lerrootatik. Goazen mamira. Batek daki saioak hiru ardatz izan ditu: haurrak, zoriona eta gorputza. Hainbat ertzetatik egin diote aurre kontu bakoitzari, eta egia da emakumearen presentzia nabaria dela. Baina bestalde, egia da baita ere, heteroarauak batez ere femeninotzat jotzen dituen gaiak jorratu dituztela. Zalantza dut horrekin, kontraesana sortzen dit. Beraz, gogotsu nago Garmendiaren hurrengo galdera entzun, eta erantzun posibleak algaraka estalgabetzeko.

Teknikan dabilen taldearen eta ekoizpen taldearen lana agerikoa da. Platorik ez duen saioa da, hainbat lokalizazio eta gonbidatu dituena, eta irudi, argiztapen zein soinu zainduak dituena. Gainera, nabarmenki emaitza ona ematen duen errekurtsoa martxan jarri dute: Garmendiaren erreakzio keinuak sartzen dituzte tarteka. Hau da, helburu umoristikoa duten gag-ak erabiltzen dituzte. Horiek, karga arindu baino, barrea sortzen duenaren garrantzia areagotzen du. Arma da umorea.

Batek daki kateak formatuan konfiantza izaten jarraituko duen, baina ni gogoz nago ostegunak noiz heldu zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.