Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Euskaratik

2017ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Laugarrena. Hori da ETB1eko Herri txiki, infernu handi saioak estreinatu berri duen denboraldia. Egia esan, ikusle kopuruak agintzen duen egungo telebista ereduan, nahiko zaila den gauza da. Gainera, ezin hobe hasi dute. Bi saio besterik ez dituzte eman dagoeneko: lehenengoak %6,4ko audientzia zatia eskuratu du; bigarrenak, aldiz, pasa den domekakoak, %6,6. Guztira, ia 150.000 ikus-entzule. EITBren arabera, «bere historiako daturik onenak» izan dira. Aspaldian ez zuen halako emaitzarik lortzen euskaraz pentsatutako eta euskaratik sortutako entretenimendu saio batek, ETB1en. Helburua da herri txikietako bizilagunen istorio bitxienak ezagutzera ematea. Hainbat bizilagun elkarrizketatuta eta umorea erabilita. Azken saioan Eskoriatza (Gipuzkoa) bisitatu zuten. Irakurri dudanez, jende ugari biltzen da saioaren grabaketa lekuan. Eskoriatzako Manuel Muñoz kiroldegian, esaterako, 500 bat lagun egon ziren. Zergatik du, baina, halako harrera bikaina Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik aurkeztutako telebista programak? Euskaldun gutxi bizi diren tokietara joaten dira kamerak?

Batetik, historikoki landa eremura oso lotua egon den lurraldea da Euskal Herria; landa eremutik defendatzea maiz tokatu zaion komunitatea. Eta bestetik, euskal kultura giro horretan zehaztu da nagusiki. Mark Kurlanski autorearen The Basque History of the World liburuan honela esaten da, 171. orrialdean: «Euskal kultura, modu askotan, baserri girokoa da. Etxeak egunsentira begiratzen du, sarrera nagusiko ate kanpoaldean eguzki lorea zintzilikatuta. Hori landa kontzeptua da. Horrela, hirian bizi badira ere, euskaldun tradizionalek landa jatorriari egiten diote erreferentzia euren buruak aurkezterakoan. Arbasoen etxe izenari, hain zuzen». Horrela azalduko nuke ETB1eko saioaren arrakasta. Eskozian, adibidez, ez dut landa eremura hain lotua dagoen kulturarik nabaritu. Ezagutu ditudalako eskoziar ugari Highlands-etan (Eskoziako iparraldeko landa eremua) oraindik egon ez direnak. Bai eta Glasgoweko hirian bizi, baina hizkuntza gaelikoa ezagutzen ez dutenak ere. Ez dakit irakurketa horrek balioko zukeen atzerrian (eta etxean) Hego Euskal Herrikook dugun kuxkuxero fama azaltzeko ere. Alegia, Pagadiren eta Gurrutxagaren herri txikiak jarraitzen ditugun tentu berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.