Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Denak

2017ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Unibertsitateko kafetegian izan zen, nire harridurarako, elkar ezagutu genuen egunean. Lau urteko bidea abiatu zuen lehen eskola amaitu, eta gelakide batzuk hara jo genuen, ilusioz eta urduritasunez. Ez nuke jakingo esaten zergatik elkartu ginen elkartu ginenok. Denak euskaldunak ginen; beraz, ez zen kasualitate soila izango. Eta, nire harridurarako, borobilean eserita geunden horietako batzuek haien euskalkia haientzat gorde, eta euskara batua aukeratu zuten gurekin komunikatzeko. Harri eta zur utzi ninduten, eta galdetu egin nien zergatik hartu zuten erabaki hori. Barneratuta zeukaten, haien euskalkian eginez gero, inor gutxik ulertuko zituela. Une hartan jarri zuten gerora botatzea ezinezko gertatuko zitzaien murruaren lehen adreilua. Entzuten nituen aldiro, haien jarduna izan zitekeena baino ahulagoa zela iruditzen zitzaidan. Elkar aberasteko geneukan aukera kamustu egiten zela pentsatzen igaro nuen aro hura. Xehetasun bat: erabakia hartu zutenak Bizkaiko kostako herri batekoak ziren, eta herri hartako bizilagunei ulertzea oso zaila dela zabaldua dago.

Askotan gogoratu izan naiz borobilean eserita igarotako une haietaz. Asteartean azken aldiz, egunkari honetan IƱaki Galdosen Ezin positibo izan artikulua irakurtzean. Beste alde batetik begiratu nahi nioke hark esandakoetako bati. Hain zuzen ere, euskalkiak askok ulertzen ez dituzten euskaratzat azaltzen ditu. Nago gutxi direla horrelako kasuak. Benetan, euskalki gehienetan, lehenengoan, bigarrenean edo hirugarrenean zerbait ez ulertzea suerta liteke, baina hortik aurrera ez dut uste ulermen arazorik izango denik. Bada EITB ikusten dugun gehienontzat benetan arrotza izan daitekeen euskalkiren bat. Esan gabe doa, tamalez, pantailaren aurrean nekez entzun ohi dugula. Dena den, eta hori hala balitz ere, EITBren funtzioa euskara sustatzea dela onartzen badugu, euskara mota guztien sustapena bilatu beharko litzatekeela pentsatzen dut nik. Arazo batek ez du beste bat estaltzen. Ikus-entzuleek zenbait euskalki ulertzeko zailtasunak badituzte, EITBk ere badu bere funtzioa arazo horri konponbidea ematerakoan. Denen balioa onar daiteke. Denek izan dezakete beren lekua bertan, funtzioa desberdina izanagatik. Horregatik, ados Galdosekin, gai hau ere presente izan behar dute, dagokion lekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.