Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Pedagogia

2017ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Berria zoragarria da dudarik gabe. Dagoeneko 30.000 lagun inguruk ikusi dute Handia filma —Donostiako Zinemaldiko, aurrestreinaldietako ikusleak eta joan den asteburukoak zenbatuta—. Bestela esanda, lau egunetan bakarrik lortu du euskarazko filmak jende andana biltzea areto komertzialetan —urtetik urtera ikusle gutxiago jasotzen dituen distribuzio leihoa, hain zuzen—. Lau egunetan lortu du Altzoko handiaren fikziozko istorioak ere asteburuko filmen top ten zerrendan sartzea —Blade Runner (2017) baino bi postu beherago, laugarren—. Lehen datuek diotenez, gainera, hiri handi eta herri txikietan izan da arrakasta. Tolosan 3.000 ikusle inguru izan ziren sei saiotan. Oñatin, berriz, ilara luzeak egin ziren asteburuan; emanaldietako batean 30 lagun geratu ziren kanpoan. Ondorioz, harrera ona ikusirik, ezohiko saioa gehitu diote karteldegi ofizialari. Pelikulak jasotako kritika onak ere azpimarratuko nituzke: «Ederra, mimoz egina, baina oso gogorra» edota «Zer ederra. Zer gogorra. Zer gurea iruditu zitzaidan filma» irakurri ditut sare sozialetan, besteak beste.

Piztutako ikusminari buruz pentsatzen jarrita, azken urteetara arte apenas laguntzen zuen euskarazko filmen audientziak. Joxe Portela IBAIA Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteko presidenteak 2013an hala esan zuen: «Jada militantziak ere du balio». Gogoan dut, bestetik, 80 egunean (2010) euskarazko filmak —Moriarti ekoiztetxekoek egina ere—, etxean baino datu hobeak lortu zituela kanpoan. Areago, film luzeak 22.258 ikusle bakarrik izan ditu 2010etik. Horregatik, iruditzen zait norbait etorri behar zaigula etxera euskaraz egindako film bat ona dela esatera, ikusteko erabakia har dezagun. Hori gertatu da, neurri handi batean, Donostiako Zinemaldiarekin; hark ipini zion lehen aldiz fokua Loreak (2014) arrakastatsuari. Gurean, ordea, beti egin dira gauza onak. Ez dakit, ordea, zenbateraino zabaltzen den hori.

Film batek harrena ona izango du hemen eta Iraken istorio unibertsal ona badu. Ondo kontatua badago. Euskaraz izan ala ez. Ez ditugu garai txarrak bizi, baina kulturak behar duen babesa baloratzea falta zaigu. Horrek, berriz, pedagogia lana eskatzen du. Filma jendea zinemara joaten denean da errentagarria, ekonomikoki noski, baita kulturalki ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.