Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Alderantziz

2017ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Tregua pixka bat eman nahi nion ETBri. Batzuetan, zalantza dut gehiegi kritikatzen dudan. Horregatik, azken zutabeak eskaini dizkiet atzerriko telebista publiko batzuen saioei. Bai eta lerro hauek nazioartekotzeko asmoz ere. Baina egun batean esnatzen zara, sartzen zara BERRIAko edizio digitalean eta honakoa irakurtzen diozu Jaurlaritzako Hizkuntz Politika eta Kultura sailburuari, Legebiltzarrean galdetuta ETB1en eta ETB2ren artean Kataluniaz informatzeko desorekaz: «Niri ez dagokit EITBren irizpide informatiboak ezartzea». Bestela esanda, ni ez naiz inor etxe horretan sartzeko.

1960ko hamarkadatik, hizkuntza gutxituetako komunikazio zerbitzuak gizarte mugimenduei esker areagotu dira, hein handi batean. Fenomeno horretan inplikatuta egon dira, ordea, teknologiaren demokratizazioa eta lizentzia aukera berriak irrati eta telebistaren esparruan—orain Interneten ere bai—. Gutxiengoen presentzia handiagoak Eskualdeetako eta Eremu urriko Hizkuntzen Europako Gutuna bultzatu zuen, 1992an. Kultura eta hizkuntza ezberdinen lehendabiziko aintzatespen ofiziala, alegia. Horren arabera, Batasuneko herrialde guztiek babestu behar dituzte hizkuntza horiek eta aldi berean bultzatu kultura aniztasuna. Tamalez, komunitate txikiek oraindik bizi dute arreta txikia. Euskarazko telebista kasu.

Gutunaren 11. artikulua sistema komunikatiboaren gainekoa da. Kapitulu horretan aipatu eta iradokitzen da herrialde bakoitzak behar duela tokiko albisteak eta gaurkotasunezko gaiak jorratzen dituen telebista nazionala. Ordutik, nik dakidala, dokumentua ez da eguneratu. Beraz, Zupiria zuzen ari bada, nik kapitulu bat galdu dut. Urriko datu ofizialek aditzera eman dutenez, LaSexta izan da gehien ikusitako kateetan bigarrena EAEn. Horrek arrazoia kentzen dio Zupiriari esaten duenean «EITBko hedabide bakoitzak dituen ikus-entzuleek oniritzia eman diotela telebistaz»; ez behintzat euskarazkoari. Gauzak hala, gutxien behar duguna da arreta (zein baliabide) gehiena eskaintzea gaztelerazko kateari. Baizik eta alderantzizkoa, gutxitua gehiago lagundu. Diot nik ondo ulertu dudala Europako Gutuna. Datorren azaroaren 28ra arte itxaron beharko dugu jakiteko ETB2ri zazpi ordu gehiago eskaini zizkioten ala ez Kataluniaz —egun horretako administrazio kontseiluko bilerara eramango du txostena Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak—. Bide batez, Eskozian gertatu izan balitz, dagoeneko datuok BBCko web orrian egongo lirateke eskuragarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.