Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Memeloa(k)

2017ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohia Errusiako «memelo» berria da. Gisa horretan aurkeztu du prentsa unionistak, jakin duenean ministro ohiak telebista programa bat ekoitzi eta aurkeztuko duelaRT Russia Today katean: The Alex Salmond Show. Tartean izan dira Daily Mail egunkaria eta The Spectator astekaria. Azken horretan jaso dituzte, adibidez, hainbat politikariren iritziak. Hori bai, izen-abizenik eman gabe, hala egiteko arrazoirik ez badago ere. Diputatu batek esan omen du «kontrolik gabeko egoa» dela ministro ohiaren arazoa. Beste parlamentari batek honakoa adierazi du, berriz: «Jainkoak suntsituko dituenak erotu egiten dira lehendabizi». Askotariko argudioak izan dituzte Salmonden saioa gogor epaitu dutenek aurrez ikusi gabe; RT Errusiako Gobernuaren telebista izanik, Salmonden saioak Kremlinaren propaganda babestuko duela esan dute. Beraz, erabakia bertan behera uzteko eskatu diote askok Salmondi, tartean Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa. Nahiz eta alderdi bereko kideak izan, gauza nahiko jakina da Sturgeon eta Salmond ez direla oso ondo konpontzen. Eskoziako lehen ministroak, ordea, lehen aldiz agertu du jendaurrean Salmonden aurkako jarrera. Salmondek alderdiko eserlekua galdu zuen Erresuma Batuko azken bozetan, uztailean, eta, oraingoz politikari lotuta jarraitzen badu ere, ikus-entzunezkoen ekoiztetxe bat sortu berri du. Ez du erretiroa hartzeko asmorik, are gutxiago pasa den abuztuan Edinburgoko Fringe jaialdian egindako elkarrizketak izandako arrakastaren ondoren. Esan duenez, iritzi publikoan eragiteko aukera izaten jarraitzea da bere asmoa. Telebista publikoan ala pribatuan hobe? Izan gaitezen zintzo. The Salmond Show BBCn, STVn edo beste kanal nagusietako batean eskaini zitekeen, baina, ministro ohiaren profil ezkertiarra ezagututa, onartuko luke? Egun, alde gutxi ikusten ditut medio publiko eta pribatuen artean. Bata gobernuaren telebista den bitartean, bestea enpresa edo erakunde neoliberalen jabetzakoa da. Izatez, publikoaren xedea da heztea, informatzea eta entretenitzea —horregatik uste dut publikoa gutxienez diruz lagundu behar dela—. Tamalez, partzialtasuna da nagusi. Nahikoa da gure telebista begiratzea hori frogatzeko. Ez gaitezen gu ere memeloak izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.