Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Dardara

2017ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Ematen diot garrantzia neure buruari, baina neurrian. Horregatik, ulertzen dut hitzoi besteek ere kasu askorik ez egitea. Badira, ordea, gaiaz zilegitasun handiz mintzo direnak, zimenduak dar-dar jarri behar lituzketenak. Hona adibide bi: Elixabete Garmendiak, udan: «Ni sartu nintzenean, ETB bakarra zen. Sartu eta berehala sortu zuen Gorordok ETB2. Hasieran gogoan dut oso prekarioa zela. Hori hala da. Baina gerora ETB2k hartu zuen indarra, eta hor jarraitzen du. Ez dago orekarik. ETB2k ditu mimo guztiak, garrantzia eta aurrekontua. ETB1 subsidiarioa da. Hori barruan gaudenok horrela bizi dugu. Begirune falta izugarria dago ikusleekiko eta kazetariokiko. Baina hori baino okerragoa da erreferentzialtasuna deitzen zaion horrena. Non daukazu zuk zentroa? Norengana zuzentzen zara eta zer motatako albisteak kontatuz? ETBk gaur egun erreferentzialtasuna Espainian dauka. Tele5ri begiratzen dio, eta jendeak, horretarako, nahiago du originala. Tele5 ikusten du, eta ez ETB. Telebista akonplejatu bat da. 30 urteotan ETBn egon diren buru gehienak izan dira euskal mundua interesatzen ez zitzaienak. Interesatu ez eta, gainera, euskal munduari mesfidantzaz begiratu eta gutxietsi. Oso profil baxuan jarrita». Inma Erreak, berriki: «ETBn egiten nuen kazetaritza motara ez nintzateke itzuliko. Esperientzia ona izan zen, baina une txarrak ere pasatu nituen. Orduan hasi zen kazetaritza aldatzen. Ikuskizunari gero eta garrantzi handiagoa ematen hasi zitzaion, eta hala da orain ere. Kazetaritza ikastea hautatu nuen idaztea gustuko nuelako, baina badira gauza asko jasaten ez ditudanak, ikuspegi sexista, esate baterako. Aurkezleak ezkontza batera joanen balira bezala doaz jantzita. Negu gorrian, tirantedun soineko dotoreekin, izugarrizko takoiekin... Eta hori gizartearendako eredua da. Horrek ez ditu emakumeak ahaltsuago bihurtzen, ahulago baizik. Mezua da irudia oso inportantea dela, agian inportanteena. Telebista frantsesean ez da hain muturrekoa, jantziak soilagoak dira, esate baterako, eta Ingalaterran berdin. ETB jarraitzen ari zaio Estatuko beste telebisten ereduari, eta ez zait gustatzen. Azken boladan, TV3 ikusten dut. Telebista konbentzionalen artean, duinena iruditzen zait».

Badirudi, baina, ez dela ezer gertatzen. Ez da dardararik sumatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.