Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Mezuak

2018ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Pasa den astean, BBC Alba eskoziar gaelikoz emititzen duen telebista martxan jarri zutenetako batekin bildu nintzen: John Angus MacKayrekin. Orain 70 bat urte jaio zen Eskoziako iparraldean, hiztun kopuru gehien biltzen dituen eremu geografikoan, alegia. MacKayk gaelikoa du ama hizkuntza eta oraindik erabiltzen du Glasgowra unibertsitate ikasketak egitera etorri den semearekin. Areago, bost urte zituenera arte ez zuen ingelesez hitz egiteko ohiturarik. «Baserrian eta familia giroan erabili dugu. XIX. mendera arte izan da komunitate oso baten hizkuntza, konstituzioan erabiltzen zena». Ordutik, bizitza publikoan ingelesaren presentzia handitzen ikusi du. Gaelikoaren kalterako, noski. 1981etik 1921era, hiztun kopurua 245.415etik 158.779ra murriztu zen. 2011ko inkestaren arabera, egun, soilik 60.000 lagunek hitz egiten dute —eskoziar populazioaren %2—. «Lagungarriak dira galdeketak, baina ez dituzte erantzun guztiak. Hizkuntzaren identitate kontzeptua aldatu egin da, eta gaelikoak erreputazio txarra du orain». Hori da arazorik handiena. 1974ko Eskoziako Hezkuntza Legeak ez zuen gaelikoa aintzat hartu, eta hura erabiltzea debekatu zuen. «Akats larria izan zen. Zein motatako mezua da hori haur batentzat?». MacKayren arabera, jendeak ezezagunari beldur handia dio. Aipatu zidan tokatu zitzaiola eskolara joatea semearen bila eta entzutea haurrak haien gurasoei eskatzen, mesedez, gaelikoz ez hitz egiteko. Orain, ordea, «ezin duzu mende oso batean galdutakoa berreskuratu hogei urtean». Bada, jada zazpi hizkuntzatan dago ikusgai Ur handitan. Sei egunetan itzuli dute azken saio arrakastatsua, Motxiladun umeak, gaztelaniara, frantsesera, ingelesera, alemanera, katalanera, galizierara eta asturierara. Badut lagun bat Facebook bitartez ETB1eko saioarentzat gaelikoz azpititulu bila dabilena ere. Justuki, azpitituluek balio dute hizkuntza ezezagunak gerturatzeko. Gutxienez, aukera izateko ezagutzen ez ditugunak entzuteko. Edota horiek ikasteko. Bataren erabilpenak ez duelako bestearena kentzen, aitortza bera badute behintzat. Twitterren ikusi dut eskaera ETBk Merli dualean eman zezan. Ez dakit hala egin zuen, baina iruditzen zait euskarazko azpitituluak ematea arau izan beharko litzatekeela gure telebistan. Zer mezu da bestela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.