Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Agenda

2018ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Euskal diasporarentzako sortu zen ETB Sat, 1996an. Hasieran, soilik Latinoamerikan ikus zitekeen, eta bost urte beranduago, 2001eko martxotik, Europa osoan. Askotan izaten dut piztua ordenagailu eramangarrian. Bereziki, etxetik lanean nabilela. Medio baliagarria da nazioartean bizi garenontzat, euskal aktualitateaz informatuta egoteko. Denak ez dira zuzenekoak, baina hainbat dira tankera horretan ikus daitezkeen ETB1eko eta ETB2ko saioak. Besteak beste, Ahoz aho, Gaur egun, Iparraldearen orena, Teleberri, Qué me estas contando eta El programa de Klaudio. Lerro hauek idazteko unean, izugarrizko elkarrizketa ona egiten ari zaio Ilaski Serrano kazetaria Eneko Sagardoi euskal aktoreari a zer heldutasun mailarekin ari den erantzuten, bide batez esanda-. Inpresioa dut, ordea, programazioaren %50 baino gehiago dela gazteleraz. Ez dut zehazki neurtu. Baina edozein kasutan akatsa irudituko litzaidake; izan ere, ETB Sat-ek euskara ikasteko edota hura ez galtzeko balio diezaioke hiztun askori.

Telebistak eskaintzen dituen hizkuntza normalizazioa eta erabilpena bultzatzeko aukerak albo batera utzita, agenda kontuak ekarri gura nituzke hona. Aitortzen dut Katalunian gertatzen ari denaren ondorioz hasi nintzela saioa ikusten. Nire moduan, baita beste hainbat Basquewegian ere. Xabier Lapitz kazetariak aktualitate politikoaz aurkezten duen En Jake, hain zuzen. Atentzioa deitzen dit esamoldearekin hasiko nukeen lerro hau, baina gerora ez zait hain deigarria iruditu. Alegia, ez dituzte Hego Euskal Herrian gertatzen diren gizarte eta politika gaiak sakon lantzen, ezta kritikatzen ere.

Badakit zaila dela kritika jasotzea, baina denetik ikasten da zerbait. Azken astea pasatu dute Madrilen eta Katalunian gertatzen direnak jasotzen. Areago, saioaren erreferentzia beti da kanpoaldea; etxean garrantzizko ezer eztabaidatzeko premiarik ez balego bezala. Harrigarria da. Asko pentsatu gabe, gai bat datorkit burura: Gipuzkoako Aldundiak aurreko legealdian egindako euskara planeko bost artikuluren baliogabetzea. Erabaki polemikoa, dudarik gabe. Beste gertaera hau ere bai: De Miguel auzia. Gutxi egin da berba horretaz ere Teleberrin. Agenda kontuak zer diren. Nekez imajinatzen dut halakorik BBC telebistan. Bada, horrek guztiak ez du sorpresarik eragiten. Haserrea baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.