EKOGRAFIAK

Ez dira albiste

Jokin Labaien -

2018ko otsailak 8
Denboraleak. Badatoz, eta badoaz. Eta, datozen aldiro, hainbat gauza errepikatzen dira. Zain egoten gara. Aurreikusi egiten ditugu. Horietako bat da telebistako albistegietan eskaintzen zaien denbora kopurua; albistegien hasieran eskaini ere. Luze. Luzeegi, sarri. Joera horrek kritika pixka bat sortzen du aldiro, eragin handirik ez badu ere. Horrekin batera, garai batean txantxa iturri zen arren, gaur muturra okertzea dakarren prozesioa izaten da. Kazetariak mendi inguruko errepideetan, herri bakartuetan eta itsasertzeko pasealekuetan zuzeneko konexioak egitera bidaltzea, alegia. Nik ere barre egin nien aspaldi olatuak bat-batean irentsitako kazetariei, eta bide ertzean kamioiaren gurpilek elurrezko panpina bihurtutakoei. Azken denboralean, ordea, enpatiaz eta amorruz begiratzen nion jakizu nongo mendatean ilean bildutako elurra izoztuta hainbat konexiotan azaldu zen kazetari espainiarrari. Hark tristura eragiten zidan. Hura egoera hartan kameraren aurrean azaltzea erabaki zutenek, amorrua. Hotzaren ondorioak eta eraginak ere izaten du tartea albistegien hasiera horietan. Eta ohikoa da etxegabeak hizpide hartzea. Maiz erakusten zaigu nola atondu eta eskaintzen zaizkien aterpeak, gau hotzak bertan igaro ditzaten. Aditu bat azaldu ohi da, normalean, egiten duten ahalegin horren garrantzia azpimarratzen. Nik, aldiro, daukaten merituan pentsatzen dut —haiek, ez erabakiak hartzen dituztenek—. Askotan, etxegaberen bat elkarrizketatzen dute. Hala izan zen astearte gauean ere. Teleberri-n ikusi nuen nik; ez zuen nahi aurpegia agertzea. Horrena meritua baino gehiago iruditu zitzaidan.

Izan ere, erreportaje horiek sentipen kontrajarriak ekartzen dizkidate. Ongi deritzot, noski, halako denborale baten harira lekua eta hitza emateari. Beharrezkoa da eta. Baina halako gauetan hotzez hil daitezkeela entzuten dudan bakoitzean, egunerokoan sufritu behar izaten dituztenak hilgarri ez ote diren okurritzen zait. Albistegietan hilotz edo eraso egiten dietenean soilik agertzen dira. Lantzean behin, erreportajeren bat egiten da haiei buruz. Egunerokoan, ordea, ez dute lekurik, modu normal eta normalizatuan. Ez telebistan. Ez gutako gehienon bizitzetan edo gogoan. Lapurtu diegun duintasuna, sortzen diguten indiferentzia eta diegun aporofobia ez dira albiste.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna