Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Erreferentziez

2018ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Berandu harrapatu nuen, eta amaitu baino lehen askatu. Izan banuen, aurrez, jakin-mina emanaldia ikusteko. Uste dut ordurako negatibo samarra zela; bestela, hasi orduko harrapatuko nuen. Egun batzuk lehenago, deigarria egin zitzaidan egunkariren batean irakurtzea Jordi Evolek Juan Carlos I.ari telefonoz deituko ziola, zuzenean. Bolo-bolo zabaldu zuten, xehetasun askorekin eta amu gisa, moztu egingo ziola deia, ehiza kontuei buruz galdetutakoan. Amua, amu izan ordez, gerora pantailan agertu zenaren kontakizuna zen. Ez zen zabaldu zutena baino gehiago gertatu. Ez naiz aztia; amua jartzerako igartzen zitzaien helburu eskasa.

Anekdota zen deiarena. Benetako mamia Espainiako kirol kazetaritzan —irratietan bereziki— erreferentziazkoak izandako bi esatari edo kazetari elkartzea zen. Irratiz sekula entzun ez ditudan Jose Ramon de la Morena eta Jose Maria Garcia ziren protagonistak. Ezaguna da garai batean haien irrati kate eta saioetatik elkarri emandako egurra. Harreman gaizto eta bihozgabea. Elkarrekikoa. Umiltasunik gabe ikusi nituen garai hari buruzko elkarrizketetan hasieran, buruz burukoan gero. Biek ala biek onartzen zuten hainbat muga gainditu zituztela, eta hori desegokia izan zela. Beren jarrera arrazoitu egiten zuten, ordea. Eta iritsi zen ni amorratzeko unea, Garciak bere eragin guztien inguruan talaia jainkotiarretik meza eman ondoren. Gizartearen hobe beharrez egiten omen zuten bi kazetarien arteko harremana goxatu eta publikoki azaltze hura. Lezio bat emateko, ikasgai bat; eskuzabal izan behar delako, hori delako gaurko gizarteak behar duena.

Eta pentsatu nuen sudurra zilborretik ateratzen lanak dauzkaten horiek izan direla erreferentzia Espainian, kirol kazetaritzari dagokionez. Batek bidea urratu zuela, eta besteak segitu egin ziola. Eta, gaur egun, irrati, telebista eta egunkari askotan zer egiten den ikusita, kontua ez dela hainbeste aldatu. Jarraipen bat baino ez dela, albistegi, tertulia, kronika eta bestelakotan. Eta, gainera, hartzaileak ere tonu horretara, jarrera horietara, hizkuntza eta talaia horretara ohitu gaituztela. Guk ere halatsu behatzen diogula kirolari eta halatsu epaitzen kirolariak, erdigunetik urrundu ordez. Bi pertsonaren arteko gatazka krudela benetan zer eta zertarako zen zalantzan jartzeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.