EKOGRAFIAK

'Netflixing'

Miren Manias -

2018ko otsailak 14
Streaming-eko Netflix plataforma handiegia bilakatzen ari da. Mediatelecom atariaren arabera, entretenimenduzko edukiak eskaintzen dituen enpresa horrek (filmak, eta telesailak nagusiki; eskaera azpiko dokumentalak eta DVDak saltzen baditu ere) 117 milioi harpidedun ditu mundu osoan. Azken bost urteetan hazi da nabarmen haren harpidetza kopurua, 2012tik hona 84 milioi izen-emate berri irabazi baititu (%70 gehiago). Horiek bereganatzeko abiadura ere bizkortu du: konpainiak esan du 8,3 milioi harpidedun irabazi zituela 2017ko azken hiru hilabeteetan. Inperioa hedatuz doa, izan ere, aukeren artean berak kontrolatzen du merkatua AEBetan: Netflix, %43; HBO, %13; Amazon, %20; Hulu, %23. Kalifornian (AEB) egoitza duen enpresa horren diru sarrerei dagokienez, joera berdintsua izan da: ia 3 milioi euro (2012) irabaztetik 9,5 milioi irabaztera (2017) pasatu da. Beste datu esanguratsu bat ere badago: Netflixen harpidedunen erdiak baino gehiago (%54) nazioartean kokatzen dira. Alegia, AEBetako muga fisikoetatik kanpo.

HighSpeedInternet.com erakundeak AEBetan egindako 300 inkesten emaitzek jakinarazi dute —noiz eta nola egiten duten streaming galdetuta— halako plataformen erabiltzaileen artean, Netflix ez dela zerbitzurik ezagunena. Baizik eta streaming teknikaren sinonimoa. Hainbat produktu izendatzeko Kleenex, Band-Aid eta Jell-o bezalako markekin gertatu den bezala. Horri, hain zuzen, eponimoa deitzen zaio: pertsona edo izen bati erreferentzia eginez izendatzen den toki, gauza edo kontzeptu bat. Nork ez du modu naturalean kleenex erabili musuzapiari deitzeko? Areago, plataforma kaliforniarraren eduki gustukoenez galdetzean, batzuek aipatu zituzten Netflixen ikusgai ere ez dauden saioak. Informazio horrek iradoki dezake AEBetako erabiltzaileek ez dutela bereizten Netflixeko streaming zerbitzua eta streaming teknika soilaren artean. Ondorioz, honakoa da ikerketa egin dutenen galdera: zenbat denbora iraungo du teknikak netflixing deitu gabe? Ez zait batere hitz erakargarria iruditzen, baina batek daki gurera laster iritsiko den. Hor daude Basque Cybersecurity Centre, Basque Culinary Center, Bilbao Exhibition Centre eta Ekai Center. Logika globala izango da. Lehentasun kontua ere bai. Badakizue, fake news edo Invictus telebista...