Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Lur bat

2018ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Torturaren aurkako eguna herenegun. Bete-betea. Ohi baino gehiago, agian. Urtero Joxe Arregi Izagirreren kasu lazgarriarekin gogoratzen dena eta gogorarazi beharra dagoena, pauso bat aurrerago sumatu nuen asteartean. Goizean, Estrasburgotik iritsitako berri onek izan zuten oihartzuna. Nik uste nuena baino handiagoa. Norabide desberdinetan bada ere. Gauean, Hamaika telebistako Atearen bestaldetik torturari buruzko saio berezia hasi zain nengoela, kate espainiar atzerakoiko aurkezlea egia faltsutzen ari zen, erabaki hura hizpide hartuta. Gehitu zuen, haren sokakoen lasaigarri, 50.000 euroak Portu eta Sarasolaren kondenako kalte-ordaina ordaintzera bideratuko direla. Alegia, ez dutela espainiarren euro bakarra jasoko bi euskaldunek.

Bi mundu, ikusezintasunez tortura zilegi bihurtu duena eta Atearen bestaldetik saio bereziak azaldutakoa. Minez ikusi nuen, bestela ezinda. Gaiak eta haren gaineko kontakizunek estu jartzen dute bat. Iruditu zitzaidan ederki islatzen duela tortura zer den, zergatik egin den, nola sistematizatu duten eta zein motatako ondorioak utzi dituen. Eta esperantza izpi bat agertzen zuela, gainera, aurrera begira ere, bide itxi samarretan itsutu eta nekatu gabe, ireki daitezkeen horietara lerratzeko. Badirelako iraganetik etorkizunerako bidegurutze honetan, gaur egunean, kontakizun anitzen garaian, torturaren inguruan gertatu den horren atalak. Solteak ez ote diren, horra zalantza. Besteren aldean, itzalean ez ote dauden. Ez ote zaien hari bat falta, lur bat, jarraikortasun bat. Torturak izan baitu jarraitutasuna; luzera, zabalera eta sakonera. Hor azaltzen zituen emanaldiak, lur luze, zabal eta sakon horretan, torturatuak izan direnen, torturatuak izan diren batzuen abokatuaren eta psikologoaren eta gaia ikertu dutenen esperientzia, mina, amorrua, kezka, iritzia, irakurketa... Hor kokatzen delako torturatuaren uneko sufrimendua —baita hilketa ere— baino askoz gehiago den praktika. Lur horretan baino ezin delako ulertu ekintzak unean eta lekuan dakarrenaz harago izan dela eta izango dela bizitza osoan barrenean eraman beharreko mina, ingurukoen larritasun eta amorrua, komunitate bat beldurtu eta apaltzeko estrategia, zigorrak ezartzeko bidea eta aitzakia, lehengo eta oraingo inpunitatearen ikurra...

Eskertzekoa da ahalegina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.