Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Maitatu baino...

2018ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Ama hizkuntzaren nazioarteko eguna zen atzo. Munduko hiztun guztien artean, ordea, gutxi batzuk bakarrik izango gara eguna badela dakigunak. Gurean azken asteetan bolo-bolo izan diren hizpide eta polemikak distantziatik begiratu, eta zer pentsatua ematen dit gure ama hizkuntzari ematen diogun balioak eta diogun begiruneak. Maitatu baino, erabili egin beharko genukeela aldarrikatzen dutenekin gogoratu naiz. Presenteago dauzkagu, tamalez, gaztelaniazko irrati saioko elkarrizketa elebidunak, futbolariak agur mezurako aukeratutako euskarak edo futbol partidako epaileak jarritako debekuak, eta horiek salatzeko gaztelaniazko katean erabilitako hizkuntzak harrotutako hautsak. Euskaldunon Egunkaria-ko langilea zen Amagoia Gurrutxagari entzun diot, Hamaika telebistako albistegian, hura ixtea erabaki zuenak haiek baino hobeto —hau da, euskaldunon gehiengoak baino hobeto— zekiela proiektu hura zer zen, eta zer balio eta esanahi zituen. Horretaz jabetzen ikasi ote dugun, horra gakoetako bat.

Zer zen, bada, 2003ko otsailaren 20an eta horri lotuta gertatu zen hori? Abisu bat —ondorio latz eta guzti—, inpunitate eta indar erakustaldi bat. Eta, horretarako, euskaldunon muina aukeratu zuten, hizkuntza eta kultura biltzen zituena. Izango bagara, hortik etorriko baita gure identitatea. Bestela, ez gara izango.

Geruza mingarri asko zituen astearte gauean ETB1en eman zuten Euskaldunon Egunkariaren Itxiera, 15 urte erreportajeak. Joan den astean aipatu nuen Atearen bestaldetik erreportajeak bezala, honek ere ematen die lur bat herri honetan gertatu diren hainbat gauzari. Eskertzekoa da parte hartu duten guztien ahalegina ere. Ziur asko, itzalean gelditzeko arriskurik handiena duen geruza euskarazko hedabideen gaur egungo eta etorkizuneko egoera aipatzen zuena da. Ezkor zeuden galdetutako hizlari guztiak. Ezker-eskuin munduko hedabide garrantzitsuenak izanda lan ederra egiteko gai izan arren, zailtasun benetakoak eta askotarikoak bizi ditugu, Martxelo Otamendi eta gainontzekoen hitzetan. Ados, erabat. Eta ematen du zer pentsatua komunitate txiki honetaz. Bizi dugun garaiaz. Haien zurrunbiloan sartu gaituzten joerez. Horretan ere —paperezko, digital, ikus-entzunezko—, maitatu baino, irakurri, ikusi eta ordaindu egin beharko genituzke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.