EKOGRAFIAK

Makillajea eta janzkera

Jokin Labaien -

2018ko otsailak 27
TVEn beterano garenontzat ez dago zalantzarik: hau da inoiz bizi izan dugun garairik beltzena. Eta oso ilunak pasatu ditugu». Alejandro Caballero etxe horretako albistegi batzordeko presidentearen hitzak dira. RTVEko albistegietan manipulatzea, zentsuratzea eta publizitatea informazioz mozorrotzea leporatzen diete langileek haien arduradunei. Urte luzez egin dute salaketa, eta orain Europako Legebiltzarrera eraman dute auzia. Legebiltzarrak onartu egin du egoera ikertzea, eta txosten bana eskatu die Europako Batzordeari eta Askatasunen Batzordeari.

Aste berean jakin dugu Gaizka Villatek egindako salaketaren berri ere. Espainiako telebista publikoarentzat Euskal Herrian lan egiten duen kazetariak jakinarazi du TVEk zentsuratu egin duela. Uztailaren 10ean, ETAk hildako Miguel Angel Blanco PPko kidearen omenaldiaren berri eman zuen Villatek. Ekitaldi hartan Bilduk parte hartu zuela nabarmendu zuen, eta, horren ondorioz, zuzenekoetan aritzeko debekua jarri diote. Haren nagusiek esan dutenez, arrazoia ez da ideologikoa izan; haren janzkera desegokia delako hartu omen dute erabakia. Adibideen bila hasiz gero, asko eta asko aurki genitzake, RTVEri dagokionez. Askotan jarri da mahaiaren gainean galdera, zein ote den aurrena, arrautza ala oiloa; hau da, telebistak markatzen dituen gizarteratuko diren joerak, edo, alderantziz, gizartean gertatzen ari dena islatzen ote duen telebistak. Kasu horretan, bizi dugun adierazpen askatasunaren gainbeheran eta zentsuraren gorakadan, biak bat datozela iruditzen zait. Eskutik doazela. Ikusezinak zaizkigun botere horiek ari direla, aldi berean, helburu berdinekin eta estrategia antzekoekin sukaldeko lan finean. Eta, gainera, lortzen dutela haien helburua. Gutxi direlako, esaterako RTVEri dagokionez, haren saioak edo albistegiak ikusteari uzten diotenak, bestelako neurriak hartzen dituztenak, egoera aldatzeko benetako irtenbide eragingarriak martxan jartzen dituztenak. Etxe barrukoak dira gehien eta benetan saiatzen ari direnak. Ez erakundeak, alderdi politikoak edo norbanakoak. Horretan ere, begien bistakoa da kameraren aurrean aurpegia azaldu ez eta erabakiak hartzen dituzten horiek duten inpunitate ikaragarria. Berdin du zer, nola eta zergatik... Asmatuko dute Europatik helduko den zigorra makillatzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna